Ehun pertsonek baino gehiagok daukate biharko hitzordua kanpo-kontsultetan eta erradiologia-probak egiteko Urdulizko ospitalean. Kanpo-kontsultak, honako espezialitateakaz hasiko dira: kardiologia, erreumatologia, oftalmologia, neurologia, ginekologia, otorrinolaringologia eta urologia.
Erradiologiako zerbitzuak ondorengo tresna hauek dauzka: EMN, erradiologia konbentzionaleko hiru aparatu, teleagingailua, mamografoa, ortopantomografoa, OTA (ordenagailu bidezko tomografia axiala), eta hiru ekografo. Bihartik aurrera hasiko dira probak.
Hurrengo sei hilabeteetan, kanpo-kontsultetan 23.500 paziente zaintzeko asmoa dute, eta 26.000 baino gehiago erradiologiako zerbitzuan.
38.000 metro koadro
Alfredo Espinosa ospitaleak 38.000 metro koadro eta zerbitzu- zein espezialitate-eskaintza zabala dauzka. "Ezaugarri horiek dituen ospitalea abian jartzeak dakarren zailtasunak kontuan hartuta, zerbitzu eta espezialitateak, progresiboki zabalduko dira beste laguntza-gailuekin batera; izan ere, kalitate eta koordinazio mailarik altuena lortzea baitauka ospitaleak", osasun-arduradunek azaldu dutenez.
Ospitaleak abangoardiako teknologia dauka gaixotasunen diagnostiko eta tratamendurako. Berbarako, erresonantzia magnetiko digitala dauka, Estatuan ezaugarri horiekaz instalatu den lehen tresneria, 1,5 T-koa. "Horrek, euskal osasun sistema buruan mantentzen du, teknika berritzaileei eta diagnosi-ahalmenari dagokienez", gaineratu dute Osakidetzakoek.
Erresonantzia magnetiko berri eta aurreratu horregaz, urtean 8.000 miaketa inguru egingo dituzte, errazak zein konplexuak. Horrek etekin garrantzitsuak ekarriko ei dizkie langileei; eta bereziki, pazienteei. Gailuaren diseinuak eta teknologia berritzaileak, miaketen eraginkortasun nabarmenagoa, sendotasuna eta kalitatea dakar, konfort gehiagogaz batera.
2017an osorik zabalik
Zerbitzuak zabaltzen joan ahala, eta ospitalea errendimendu osoz lan egiten dagoenean, 2017an, aurreikusten da artatuko dituela 175.000 lagun, 74.000 larrialdi eta 4.000 paziente kirurgia-ospitalean; modu berean, 8.000 kirurgia-ebakuntza eta gutxi gorabehera 12.700 ospitaleratze.
Bestalde, 600 profesionalek baino gehiagok osatuko dute Osakidetzako langileen zerrenda eta haien zeregina pazienteak jagotea eta zaintzea izango da. Ospitale berrian zerbitzuak emango dituzten profesional guztien artean, 425 dira sail guztietako lanpostu berriak lortu dituzten langileak.
Urdulizko ospitalea martxan jartzeko 60 milioiko inbertsioa egin dute eta urteko funtzionamenduak 45 milioiko kostua edukiko du. Hori horrela izanda, "Osakidetzak eta Osasun Sailak Uribe eta Mungialdeako herritarrei eskainitako osasun-arreta nabarmenki hobetzea du helburu; beti ere, egungo prestazioak eta pazienteen laguntza-kalitatea emendatuz".
Bisitaldi gidatuak
Uztailean, arrastiz, gura duenak aukera edukiko du Urdulizko ospitalea bisitatzeko. Horrela, erabiltzaileek zuzenean ezagutuko dute ospitalea, azpiegiturak, funtzionamendua, eskaintzen dituen zerbitzuak eta ospitaleagaz lotuta dagoen beste edozein gai. Uribe ESIak bisitaldi gidatuak antolatu ditu hurrengo egunotarako, edo aldez aurretik lekua gorde daiteke telefono zenbaki honetara deituz: 946 134 800.
Era berean, lehenengo egunetan, informazioa eskaintzeko gehigarriak ipiniko dituzte pazienteei laguntzeko.