Pasa den irailaren 7an, ikasturtearen lehenengo egunak neska-mutilen algarak eta zaratak ekarri zituen bueltan Haur eta Lehen Hezkuntzako Elortza herri-ikastetxera, oporren sosegua apurtuz. Era berean, txikietako batzuek ariketak eta jolasak aurrefabrikatutako bost geletan egin behar izan zituzten; hirugarren urtea da hori gertatzen dena.
Hala ere, egun berean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak lehenengo pausoa eman zuen eskola handitzeko: lanak esleitzeko iragarkia zabaldu zuen. Jaurlaritzak zabaldutako informazioaren arabera, eraikuntza enpresek euren eskaintzak aurkez ditzakete urriaren 3ra arte. Lanetarako aurrekontua 4.190.208,40 eurokoa da, BEZa barne. Jaurlaritzak esleipena egingo duenetik 15 hilabetera lanak amaituta egon beharko lirateke.
Gurasoek lau urte daroatzate mobilizatuta, jantokian leku-arazoak zeudelako eta hasierako aurrefabrikatutako bi ikasgelengatik (gerora bost behar izan dituzte); konponbideren bat eskatzeko, 2.000 sinadura batu zituzten. 2014an, 194 ikasle izan ziren ikastetxean, eta aurten 226 dira. Urdulizko joera demografikoa goranzkoa da, gainera.