Umetan egiten zuena gogoratuz, joan den urrian Mikel Etxezarretak artaldeagaz egin zuen ibilbidean (Urbiatik Getxora) hartutako irudiak ikus daitezke "Akabuko martxea" ikus-entzunezkoan; ardiakaz, Gisasola eta Paia ere joan ziren. Transhumantziaren ohitura gogora ekartzeaz gainera, herrialde desberdinetako biztanleen arteko hartu-emanen aberastasuna uzten du agerian dokumentalak; Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko harreman horien memoria berpizteagaz batera, "argi geratu da erakunde eta herritar ugariren partaidetzari esker aurrera atera dela" proiektu hau, Paiak Donostiako aurkezpenean azaldu zuenez.
Etxezarreta artzainari, berriz, gustatuko litzaioke egindako filmak "gazteak lanbide honetara dedikatzera animatzeko balio izatea". Eli Arrillaga Etxezarretaren emazteak emakumeek lanbide honetan duten papera aldarrikatu zuen, "betidanik aritu delako eta ez delako errekonozitzen".