Lana 2014ko "Euskara Munduan" dokumentalaren bigarren eta azken atala da. Lehenengoan atzerrian bizi ziren euskal hiztunakaz egin bazuten, bigarrenean jaiotzez atzerritarrak diren eta, aldi berean, euskaldun direnak elkarrizketatu zituen egileak.
Protagonista desberdinen bizipenak jasotzen ditu lanak, 62 minututan. Jose Miguel Ramirez kolonbiar poliglota lehenengoz etorriko da Euskal Herrira, eta bidaia EGA ziurtagiria ateratzeko aprobetxatu gura du. Lortuko ote du?
David Romtvedt AEBko Wyoming estatuan bizi da eta aitaginarreba zuen euskalduna. Beragaz berba egiteko ikasi zuen, baina orain badu lagun gehiago euskaraz aritzeko; Madeleine Harriet, 90 urteko amona, tartean. Chris eta David Bieter Idaho estatuko Boise hiriko epailea eta alkatea dira. Davidek bere aitona artzainaren eta euskaldunen gorabeherak kontatu zizkion Barack Obama AEBko presidenteari Air Force One hegazkinean. Hui Huang-ek Antzuolako Elay enpresak Txinan duen lantegian egiten du lan. Badaki euskara berba egiteak enpresa barruan komunikazioa erraztuko diola. Saharako haurrek, berriz, argi daukate euskaraz ere jolas daitekeela; bi herrien arteko elkartasun-harremanetik kanpalekuetara eraman duten altxorra da euskara.
Asensiok euskal kulturaren mugak hizkuntzaren bidez zabaltzeko aukera jaso du, euskalduntasuna eta gure errealitatea Euskal Herritik kanpo zabalduta. Protagonistek euskararen aurrean erakusten duten errespetua eta interesa, euskarak kultura berri bat ezagutzeko ahalbidetu dien bidearen berri eman du, protagonista bakoitzaren historia kontatuz.
Urruneko senideen bideari heldu gura, interes linguistikoa, herri bat ezagutzeko bere hizkuntza ezinbestekotzat jotzea... Hamaikatxo dira munduko txoko ezberdinetan, hemendik urrun, gure herriaren eta gure hizkuntzaren berri izatearen aldeko apustua egin dutenak, eta asko dira horien artean hizkuntza hori ikasi eta menderatzeko erronka onartu dutenak ere.
Istorio zinez ezberdinak, berriro, eta, protagonisten jatorria edozein dela ere, munduan euskararen mapa linguistikoa marrazten lagunduko digutenak.
Filmaren aurrerakina (© Iñigo Asensio)
EUSKARA MUNDUAN; BESTEEN AHOTAN Trailer Ofiziala / Official Trailer from Iñigo Asensio on Vimeo.