Azaroaren 25a Uribe Kostan

Ahalduntzearen aldeko mezuak izan dira nagusi 2016ko Beldur Barik lehiaketan

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 30a, 12:23

Topaketaren irudietako bat. © BELDUR BARIK

Ondarroatik bidalitako "Mi meta" lanak irabazi du Beldur Barik ikus-entzunezkoen lehen kategoria (12 eta 17 urte). Bigarren kategorian, berriz, Eibarretik igorritako "Batu+Gaitezen" bideoa gailendu da. Herriaren sariari dagokionez, "Dale Candela!" lanak jaso ditu boto gehien Beldurbarik.org webgunean egindako bozketan. Sari banaketa joan den zapatuan izan zen, azaroaren 26an, Urdulizen egindako Beldur Barik Topaketan. Arrasti osoan zehar, bertaratutako gazteek zenbait ikuskizunez eta tailerrez gozatu ahal izan zuten.

Ondarroatik bidalitako "Mi meta" lana izan da lehen kategoriako (12 eta 17 urte) lan irabazlea, eta "Batu+Gaitezen", Eibartik bidalita, bigarren kategoriakoa (18 eta 26 urte).

"Mi meta" lanaren egileak dira Maren Urresti, Itziar Lizarzaburu, Saioa Graña, Nahia Gonzalez, Ander Egiguren, Haritz Zelaia, Alain Soto eta Ametz Garaizabal; 500 euro jaso dituzte. Epaimahaiaren iritziz, egileek mezu ahalduntzailea bidaltzea lortu dute, egoera sexista ugari identifikatuz; matxismoa kolpeak baino gehiago direla dioen lana da. Aldi berean, berdintasuna lortzeko feminismoaren beharraz ere berba egiten du.

"Batu+gaitezen" lanaren egileak, berriz, Jone Amuategi, Beatriz, Edurne, Iratxe, Jone Bengoa, Maialen, Marta, Miren, Onintza, Nerea, Uxue eta Laura dira; elkarregaz Eibarko Nalua neska gazte feministen taldea osatzen dute. Nalua taldeak, beraz, 500 euroko saria eraman du. Epaimahaiak gazteen mobiliziazioaren garrantzia azpimarratu gura izan du, besteak beste.

Lehen kategoriako aipamen berezia Zumarragako Ainara Monterrubio, Amaia Rodriguez, Lierni Iraeta, Marina Romón, Mikele Mediavilla, Uxue Larramendi eta Irati Uribesalgo egileen bideoarentzat izan da: "MariQuee(r)ns". Epaimahaiak erabaki du lanari sari hori ematea bideoak patriarkatuak ezarritako edertasun kanonei ez entzutea eskatzen duelako, autoestimuaren garrantzia azpimarratzen duelako eta feminismoa sustatzearen garrantzia azpimarratzen duelako. Lan horrek 300 euroko saria jaso du.

Epaimahaiak bigarren kategoriako aipamen berezia "No con...TROLES" Bilboko lana izatea erabaki du. Lan horren egileak hurrengoak dira: Soraya Lopes, Miguel García, Stefany Borja, Fiorela Flores, Adhara García, Edorta Franco, Amanda Levon, Ane San Vicente, Thaina Silva, Cyntia Rocha, Nicol Solarte, Denia Zamora, Ionela Iancu, Liseth Campaña, Olatz Valdés, Esther Borja eta Mohamed Khouyaoni. Lan horrek 300 euroko saria eroan du. Epaimahaiak sari hori ematea erabaki du indarkeria sexistari aurre egiteko zentro osoaren inplikazioa baloratu duelako; baita kontrolaren zein maitasun erromatikoaren kritika egin eta aniztasuna goraipatzen duelako ere. "Guzti hori modu dibertigarri eta umoretsu batean", azaldu dute.

Herriaren sariari dagokionez, "Dale Candela!" lanak jaso ditu boto gehien Beldurbarik.org webgunean egindako bozketan. Bideoaren egileak honako hauek izan dira: Olatz Robles, Malen Ortiz, Katalin Ortiz, Jone Sarrionandia-Ibarra, Maite Sarasola, Maialen Izkara, Amaia Rui-Wamba, Maitane Garcinuño, Nerea Madariaga, Mikel Díaz de Olarte, Aitor Bolaños, Rodrigo Vargas, Peio Tamara, Andoni Aurrekoetxea, Aitor Bijueska, Asier Perez, Andrea Ramos, Mikel Moreno, Olatz Landarrogeitajaurgi, Alaitz Garzón, Ane Becerro, Maider Larrinaga, Aitana Diez, Nerea Rodriguez, Antxon Agirre, Asier Lopez, Koldo Gorostidi eta Josu Gomez. Sari hori ere 300 eurokoa da.

Ikus-entzunezko ekoizpen onenaren saria Bilboko Arrate Garaizaren "Nosotras no pagamos a escote" lanak jaso du: beste 300 euro. Animazio-bideo horren bidez gazteen artean ematen den mikromatxismoetako bat islatu gura izan dute.

Beldur Barik Topaketa

Sari-banaketa Beldur Barik Topaketan egin zuten, joan den zapatuan, hilaren 26an, Urdulizko Kultur Etxean. Arrasti osoan zehar, gazteek zenbait ikuskizunez, eta tailerrez (genitalen ezagutza eta autoezagutza praktika artistikoaren bitartez, autodefentsa, dantza, clown desahalduntzailea, afrikar perkusioa, ligoteo sanoa, mutilak eta sexualitatea, Beldur Barik Jarrera duten abestien eraldaketa) zein bestelako ekintzez gozatu ahal izan zuten.

Beldur Barik programa, gazteakaz batera, indarkeria sexista prebenitzeko urteroko programa da. 2009an jarri zen abian Emakundek eta Eudelek bultzatuta, Berdinsarea Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako EAEko Udalen Sarearen esparruan. Egun, Emakundek bultzatzen du; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien, zein Eudelen babesa eta finantziazioa jasotzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun