Lanak bukatzean, urduliztarrek gozatu ahal izango dute padelean jolasten edota gimnasioan sasoian ipintzen. Horiek izango dira pabiloi berriak eskainiko dituen zerbitzuak, Iparralde futbol-zelaiko harmailaren atzean. Proiektua 3,7 milioi euroan esleitu da.
Halere, Urdulizko Udalak ez ditu amaitutzat emango kirol-eskaintzaren zabaltze-beharrak aipatutako egitasmoa bukatzean. Etorkizunean eskaerari erantzuteko, ondoko beste lursail bat gordeko du Udalak. Jarduera-planean kiroldegi berria eta igerilekuak aurreikusita daude, besteak beste.
Gaur egun, Iparralde udal-jabegoko eta kudeaketa publikoko kirol-azpiegitura da; honako osagaiak ditu: futbol-zelaia, harmaila, aldagelak, komunak, biltegiak, erizaindegia, Urduliz Futbol Taldearen bulegoak eta taberna. Halere, bertan bada hainbat lokal erabili barik. 2013ko urtarrilean, Urdulizko Gazte Asanbladak horietako bat okupatu zuen gaztetxea egiteko; ekimenak ez zuen luze iraun. Denera, 2.284,60 metro koadro ditu Iparraldek.
Hala, abiatu diren lanak Iparraldeko proiektua bi fasetan osatzeko pentsatuta dago. Lehenengo ekinaldian, gaur egungo futbol-zelaiko aldagelen eraikina betetzeko beharrak egingo dituzte. Beheko solairuan ipiniko dituzte bulegoak, zuzendutako jardueren aretoa eta aldagela eta komun gehiago. Bestalde, sotoan, lekua izango da gimnasioa, bizikleta estatikoak, tai jirako aretoa eta bainuetxe txiki baterako.
Iparralde futbol-zelaia 2009an amaitu zuten. Ordutik hona, hainbat hobekuntza egin dute.