Urdulizko Udalak ia 18 milioi euroko aurrekontuak onartu ditu

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 13a, 12:59

Herritarrek hainbat proiekturen artean bozkatu ahal izan dute oraintsu.

Urdulizko Udalak 17,9 milioi euroko aurrekontuak onartu ditu urte honetarako. Proposamenak EAJren babesa izan du; EH Bilduk kontra bozkatu zuen, eta DB-TU ez zen osoko bilkurara aurkeztu.

Koalizio abertzaleak kritikatu du aurrekontuak Gobernu-taldeak «bakarrik» osatu dituela. Modu berean, deitoratu du inbertsioetarako aurreikusitako 13 milioi euroetatik 900.000 euro "bakarrik" gastatuko direla parte-hartzeko prozesuaren bidez. Joan den hilabetean, auzokideek Udalak proposatutako hainbat proiekturen artean botoa eman ahal izan zuten, zeintzuk egitasmo egitea gurago zuten adierazteko.

Udalak azaldu duenez, 9,5 milioi euro hiri-unitate bi garatzeko izango dira, 1,5 milioi euro transformadore bat erosteko eta 44.000 euro hilerri berria kudeatzeko enpresa kontratatzeko. Javier Bilbao Urdulizko alkateak nabarmendu du «inguruko udal batek ere ez duela hainbeste diru bideratu parte-hartzeko prozesu batera». Horrez gainera, aurreratu du "bai ala bai" egingo den proiektua izango dela metro-geralekuaren goiko aldea urbanizatzearena, hori lurperatu ostean. Lan horretarako 1,3 milioi euro erabiliko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun