Andra Mari jaietako lehiaketa bi, martxan

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 29a, 10:35

Urdulizko Andra Mari jaietako goitibeheren proba, artxiboko irudian.

Urdulizko udako festak iragartzeko kartela eta kontzertuak hautatzeko deialdi bi egin dituzte egunotan.

Batetik, Andra Mari jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du Urdulizko Kultur Etxeak. Lanak postaz bidali zein lekuan bertan aurkez daitezke Urdulizko kultur etxean (Aita Gotzon, 16 - 48610 Urduliz), ekainaren 15eko 13:30era arte. Irabazleak 400 euro jasoko ditu.

Horrez gainera, ekainaren 17tik 24ra bitartean, kultur etxean egingo den erakusketan herritarrek aukeratzen duten lanaren egileak 100 euroko saria lortuko du. Eta beste saririk jaso ez duen urduliztar baten obrarik onenaren egileak, beste horrenbeste. Gura duten guztiek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, eta gura beste lan aurkez daitezke; kartelaren gaia eta erabili ahal diren teknika eta koloreei dagokienez ez dago baldintzarik. Ostera, agertu beharreko testua hauxe da: «Urdulizko Jaiak - Andra Mari 2017».

Jaietan jotzeko taldeen deialdia

Bestetik, udalerriko musika-taldeei eta bakarlariei andramarietan jotzeko aukera eskaini die Urdulizko Jai Batzordeak. Gura dutenek ekainaren 10era arte izena eman dezakete. Aurreko urtean jo ez dutenek lehentasuna izango dute, eta udalerrian erroldatuta dagoen partaide bakoitzeko puntu bana jasoko du taldeak. Erabakia uztailaren lehenengo astean argitaratuko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun