Urdulizko Nekazaritza Erakusketaren edo azokaren 25. ekitaldia izango da aurtengoa, abuztuko azkeneko zapatuan. Barazkien, landareen eta fruituen lehiaketak ere antolatuko dituzte; "opari eta garaikurra egongo da maila bakoitzeko lehenengo 3 sailkatuentzat". Azokan egon gura duten nekazari edo ekoizleek hainbat betebehar eta egiteko izango dituzte parte hartzeko, berbarako izena eman (946 767 080).
Horrez gainera, Urdulizko Udalaren web orrialdean kontsulta daitezke "abuztuaren laugarren larunbateko nekazaritza azoka dela-eta, instalatuko den txosnen instalazioa eta funtzionamendua arautzeko oinarri arautzaileak". Horien arabera, "ekoizpen propioko txerrikiak edo sagardo edo txakolin edo ekoizpen propioko irinekin egindako taloa salduko dutenek izango dute baimena eskatzeko eskubidea, besteak beste". Web orrialdean horrela azaldu dituzte eginbeharrak:
Ezaugarri orokorrak
- Txosna Urdulizko Udalak aldez aurretik zehaztutako lekuan soilik jarri ahal izango da.
- Instalazio hau pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzeko eta hirugarrenei eragozpenik ez eragiteko beharrezko baldintza teknikoak bete behar dituzte, kasu bakoitzean indarrean dagoen araudiaren arabera, batez ere, sendotasun, egituren funtzionamendu, suteen kontrako prebentzio eta babes neurriei dagokienez, baita osasun eta higiene egoerari dagokionez ere.
- Instalazio-eskaera guztien artean, hiru txosna instalatzeko baimena emango da, gehienez ere.
Eskaerak eta baimena
• Interesatuek ALAIKI enpresan abuztuaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskaerak, eta Alkatetzak ebatziko ditu.
• Interesdunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
- Eskatzailearen NANaren fotokopia.
- Nekazaritzako ustiategiak Bizkaiko Lurralde Historikoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan duen inskripzio-zenbakia.
- Indarrean dagoen osasun erregistroa.
- Jarduera ekonomikoen zergaren alta hartuta egotea eta zerga ordainduta izatea.
- Gizarte Segurantzaren araubidean alta hartuta egotea eta kuota ordainduta izatea.
- Manipulatzaile txartela edo osasun-prestakuntzaren ziurtagiria.
- Erantzukizun zibileko aseguruaren poliza eta indarrean dagoen ordainagiria.
- Produktuen jatorria identifikatzea eta bermatzea.
• Betekizunak betetzen dituzten eskaeren artean, eta Azokan hiru txosna bakarrik instalatzeko xedez, zozketa bat egingo da eskatzaileen artean.
• Jarduera hasi aurretik, erantzukizun zibileko asegurua izan beharko dute, ikuskizun publikoen eta jolas jarduerei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legeak ezarritako gutxieneko kopurua baino handiagoa, baimendutako jarduera garatzean hirugarrenei sor lekizkiekeen kalte-galerak ordaintzeko.
• Higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak
Instalazioak jartzeko eta erabiltzeko orduan, merkaturatutako produktuen eta instalazioen gaineko araudi espezifikoak ezartzen dituen higiene eta osasun baldintzak beteko dira une oro, baita ematen diren baimenetan ezar litezkeen baldintza partikularrak ere.
Gutxienez 21ª-113B-ko eraginkortasuna duen su-itzalgailu bat instalatu beharko da, egunean berrikusia eta hura erabiltzeko arazorik egon gabe.