Gaurko ekitaldian parte hartu dute Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru-diputatuak eta Barriek programako zazpigarren edizioan parte hartuko duten sei artistek: Marta Zelaia, Raisa Alava, Jon Ander Garcia, Saray Pérez, Iratxe Yanez eta Ander Sagastiberri. Barriek urtero aurkezten den programa da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikoko Bekak lortu dituzten artisten lan aukeratuakaz.
Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuko erakusleihoa bihurtu dute kalera begirako leihoa, Bizkaiko Aldundiaren bekadunak diren artisten sorkuntzentzat. Artista bakoitzak bi hilabetez izango du bere lana ikusgai.
Lorea Bilbaok azaldu duenaren arabera Barriek 2018 "berritasun batekin dator: 1+5. Barriek programak artista bat berreskuratu du, Marta Zelaia. Berak 1987 eta 1988 urteen bitartean jaso zuen Aldundiaren beka, eta bekadun gazte berri horren aurkezpenean lagun dugu gaur. Hala, aurretik Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso zuen sormen-talentua berreskuratu gura dugu, ikusi zer lan egiten duen gaur egun eta aukera eskaini lan horiek jendaurrean ikustarazteko".
Izan ere, Barriek zikloa Marta Zelaia urduliztarraren erakusketagaz hasi da; ondoren Raisa Alava, Jon Ander Garcia, Saray Pérez, Iratxe Yanez eta Ander Sagastiberri artistek erakutsiko dute euren lana. Artista bakoitzak bi hilabetez izango du bere lana ikusgai Bizkaiko Foru Aldundiaren Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan.
Artistakaz batera jarduera osagarriak egingo dira, artistaren ezagutza pertsonala bideratuko duten artisten tailerrak, eta baita jendeari sortzaile horien lanen gakoak eta interesa erakusteko topaketak ere.
Bilbaok azpimarratu du "Bizkaiko Aldundiaren Barriek Programaren helburua oso argia dela, gizarteari hazten eta garatzen dabiltzan eta sorkuntza artistikoko beka baten bidez laguntza jaso duten artista bizkaitarrak ezagutzera ematea horien hasierako urratsak sustatzea eta, aldi berean, sorkuntza plastiko eta bisualerako baldintza optimo batzuk sortzea. Gaurkoa moduko ekimenek balore gazteen talentua sustatzeko balio dute eta Rekalde Aretoaren espazio hau Bilbo erdian kokatuta dagoen erakusleiho aparta bihurtzen da, egunero ehunka bisita izaten dituena".
Barriek 2018 programako sei erakusketak
Urtarrilaren 16tik martxoaren 18ra
Marta Zelaia Aranbaltzak (Urduliz, 1962) "Sokatira" erakusketa aurkeztu du, puntadaz puntada artistak azken urteotan egin duen tapiz handia. Marta Zelaia Urdulizen bizi da eta bertan egiten du lan; Arte Ederrak ikasi zituen, Pintura espezialitatean, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan lizentziatu zen 1987an. Urte horretan Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikorako beka jaso zuen eta bere obra sari batzuetarako hautatua izan zen, besteak beste Ertibil Bizkaia’86 eta Bizkaia’87. 1988an, Gasteizko Arte Plastikoen VIII. Biurtekoaren Ohorezko Accesita lortu zuen, eta 1990ean, Bizkaiko Artean. 2000ko hamarkadatik bere sorkuntzazko prestakuntza osotu eta finkatu du paisajismoaren arloan murgilduta.
Martxoaren 20tik maiatzaren 20ra
Raisa Alavak (Bilbo, 1990) forma aleatorioak, ausazkoak, eraikiz egiten du lan; arlo prozesualean eta damutasuna sustatuz. Bere obren bidez lengoaia propioa definitzeko ahalegina egiten du joan eta etorrien keinuakaz, azkenean ezkutuan murgiltzean zehar gertatu den pentsamendua gera dadin. Bilbon bizi da eta hirian egiten du lan, marrazkia, grabatua eta zeramika bezalako diziplinak garatuz, besteak beste. Bere interesaren ardatza sinbolikoa eta tribala da eta sortzerakoan eraikitzen dabilen kultura berri baten aginduak izan daitezkeenak asmatzen ditu.
Maiatzaren 22tik uztailaren 8ra
Jon Ander Garciak (Santurtzi, 1989) garatzen du kontsumo-prozesuen eta eskuzko izaera eta izaera digitaleko ekoizpenen arteko elkarrizketaren gaineko praktika artistikoa, lautasuna, irudia, materia eta gorputzaren arteko erlazioa esplotatuz. Arte Ederretan graduatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean eta bertan Artearen Ikaskuntza eta Sorkuntzako masterra ikasi du. Erakusketak egin ditu Madrilgo Komunitateko Sala de Arte Joven-en, BBVA Fundazioan (Bilbo) edo CEART Fuenlabradan (Madril) eta bere lana "The Little Book of Kawaii" (Singapur) bezalako argitalpenetan jasota dago.
Uztailaren 10etik irailaren 2ra
Saray Pérez Castillak (Burgos, 1987) gonbidatuko gaitu boterearen matrize kolonialaren ondorioetan bizitzera eta modernotasunaren eta historiaren kontakizun narkotikoa ahaztera, "Paisajes Invisibles" erakusketan. Bertan, display desberdinen bidez Mendebaldeko Saharako ahotsak entzungo dira. Pérez artista transdisziplinarra da; Bilbon bizi da eta bertan egiten du lan; Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn (2012). Zeramika Artea eta Funtzioa Masterrean espezializatu zen (2014) eta gaur egun "Paisajes del diálogo en la era de la complejidad" doktoretza-tesia garatzen dabil, artearen (zeramika-teknologia) eta kolonialismoen arloan, bereziki giza eskubideak eta oroimen historikoa lantzeko.
Irailaren 4tik azaroaren 4ra
Ander Sagastiberrik (Bilbo, 1988) dimentsio biko pieza-instalazioen erakusketa aurkeztuko du, formatu handiko pinturakaz, argazkiakaz, olio-marrazkiakaz, photoshop-pinturakaz eta plotter erako eta etxean egindako inprimatzeakaz. Bilbon bizi da eta bertan egiten du lan. Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, Pintura espezialitatean.
Azaroaren 6tik 2019ko urtarrilaren 5era
Iratxe Yañezek (Barakaldo, 1987) bere lana bilatzearen emaitza moduan definitzen du. "La Suisse" beste titulu bat baino ez da, pintatzearen ekintzari ekiteko, pinturagaz berba egiteko, irrist egiteko, begiratzeko eta pentsatzeko beharrezkotzat sentitzen duen sortzeko aitzakiaren erreferentzia baino ez dena, harik eta bere aitzakia propioak ase behar dituen ikusleak nahi zituen irudiak lortu arte. Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Bilbon bizi da eta bertan egiten du lan. 2014an, doktoretza-tesia hasi zuen eta gaur egun, hezkuntzaren arloko lanagaz batera ataza horretan murgilduta dago.