Finalerdietarako txartela jokatuko dute gaur Urdulizen

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 26a, 13:42

Rezusta, Elezkano, Altuna eta Martija, aukeratutako pilotakaz. © ASPE

Altuna III.ak eta Martijak ala Elezkano II.ak eta Rezustak. Bikote biak Aspe enpresakoak izan arren, bakarrak irabaz dezake gaur gauean, barikuan, Urdulizko Iparralde frontoian.

Izan ere, Binakako Txapelketako ligaxka-fasearen lehenengo sailkatu biek gaur elkarren aurka jokatuko dute, hamargarren jardunaldian. Finalerdietara nor pasatuko den jakingura izango da nagusi Urdulizen. Aurretik aukera izango da ikusteko Promozio Txapelketako Agirre-Iturriaga eta Errandonea-Tolosa bikoteen arteko norgehiagoka, 22:00etan. Sarrerak 21:00etatik aurrera eros daitezke Iparraldeko leihatilan bertan; txartelak 30 euroan saltzen dira.

Partidak ETB1 kateak eta Eitb.eus atariak emango ditu, zuzenean; "ETB Kantxa" saioa Urduliztik egingo dute eta emanaldia Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Xabier Anduezak gidatuko dute.

Gaur nagusituz gero, Danel Elezkanok eta Beñat Rezustak zortzigarren garaipena lortuko lukete, eta horrek matematikoki ziurtatuko lieke txartela; Jokin Altunak eta Julen Martijak osatutako bikoteak, berriz, sei partida irabazi ditu orain arte; hala, zazpigarren garaipena izan dezakete Iparralden. Dena den, lehen itzulian 22-13 irabazi ostean, bikoteak tantotan aldea ateratzen die Elezkanori eta Rezustari eta ziurra ez bada ere, oso zaila litzateke ez sailkatzea. Hala, gerta liteke bikote biek aurrera egitea, beste lehiakideek huts eginez gero.

Bikote biak sasoi-sasoian daude: Elezkano-Rezustak segidan irabazi dituzte azken bost partidak, Altuna-Martijak, aldiz, azken bostetatik hiru. Laurak izan ziren herenegun, eguaztenean, Urdulizen, materialak aukeratzeko. Elezkanok eta Rezustak hiru pilota hautatu zituzten, 105,8, 105,6 eta 106 gramokoak. Altuna III.ak eta Martijak, ordea, pisu apur bat gehiagoko larruak hartu zituzten, 106,2, 106,8 eta 106,5 gramokoak

Plentziako Udalaren sarrerak

Plentziako Udalak, azken urteotan egin legez, zozkatuko ditu partida ikusteko dituen sarrera biak. Interesdunek mezu bat bidali behar dute udala@plentzia.eus posta elektronikora, izen-abizenak eta telefono-zenbakia bertan ipiniz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun