Goizeko 09:00etaik bazkal-ordura bitartean bertoko zuhaitzak landatuko dituzte.
Urtero antolatzen dute ingurumenaren alde lan egiteko eguna aipatutako hiru taldeek. Hala, inguruetako naturazaleei gonbidapena egin diete hurreratu eta landaketan parte hartzeko. Ekologistek azaldu dutenez, "jardueraren helburua izango da lursail batean ingurumen-baldintzak hobetzea". Izan ere, "duela gutxira arte eukaliptoak egon dira bertan landatuta. Bertoko arbolak eta zuhaixkak landatuko ditugu".
Eguna goizeko 09:00etan hasiko dute ekologistek, lehenengo hitzordua Bilboko San Nikolas elizaren aurreko autobus-geralekuan ipini baitute. Ordu erdi beranduago, Basauriko Arizko autobus-geltokian batuko dituzte Hego Uribeko naturazaleak. Ohartarazi dutenez, komeni da Urdulizera mendiko botakaz eta mendiko arropagaz etortzea. Ez da beharrezkoa izango inolako janaririk edo lanabesik eroatea, antolatzaileek eramango baitute material eta jaki dena. Egin beharreko lanak errazak izango dira, umeek ere parte hartu ahal izateko. Bestalde, beharra amaituta, armosua egingo dute bertan. Euren aurreikuspenen arabera, Basaurira 15:00etara bueltatuko dira, eta Bilbora, 15:15ean.