Proiektuaren oinarrizko helburua ez zen berez parkinga egitea, inguru horretako saneamendu-sarean jardutea baizik. Udal-iturriek adierazi dutenez, "leku hori arazo bat zen herriarentzat. Horregatik, eta obra hori aprobetxatuz, solar hori egokitu eta erregularizatu da aparkaleku publiko bezala erabili ahal izateko".
Hasiera batean, obrarako epea lau hilabetekoa izatea aurreikusi zuten. Baina, Elortza eskola handitze-obren ondorioz, espero ez ziren obra batzuk egin behar izan zituzten, saneamendu-sarean eta sare-elektrikoan. Horregatik, sei aste gehiago behar izan zuten obrak bukatzeko.
Urdulizko Udalak aparkalekuak ipintzeko diru-laguntza bat jaso zuen, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri-administrazioaren eta Erakunde Harremanetarako Sailak emana. Hala, Udalak 30.236,44 eurotako diru-laguntza bat jaso zuen Aldunditik, maiatzaren 12an; baina, azaroan kantitate hori handitu egin zen beste 12.109,39 euroan. Denetara, aurrekontua 101.041,85 eurokoa izan da, zergak kontatu barik.