Esti Anitua Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Berdintasun teknikariak Urdulizko Udalagaz batera landutako proiektu batetik sortu zen Emakumeen bistaratzea eta aitortza Urdulizko historian liburua, Karmen Kareaga Kultura zinegotziak gogora ekarri duenez. Urtero prestatzen dituzte halako proiektuak, Emakundegaz elkarlanean. Kasu honetan, beste herri batzuetan egindako esperientzia moldatu zuten. Uribe Kostan, esaterako, antzeko ekimena egin zen Lemoizen, besteak beste. Anituak proposatu zuen gaia Urdulizen ere egitea polita izango zela iritzita, eta udaletxean bat etorri ziren proposamenagaz.
Jubilatuen etxean hasi ziren elkartzen hainbat andragaz, adineko emakumeakaz erosoago jarduteko. Bakoitzak bere historia kontatu zuen. Amaia Herrero Oiarzabalek jaso zituen 37 emakumeren kontakizunak eta batu eta laburtu egin zituen 40 orritan. Kareaga "oso pozik" dago emaitzagaz: "Liburu atsegina eta irakurterraza da, gainera polit geratu da argazkiakaz". Lana oso harrera ona jaso du herrian. 1.500 ale atera zituen Udalak eta doan ibili da banatzen; kultur etxean, besteak beste. Urduliztarrak eskatzen dabiltza eta kanpotik ere hainbat eskaera jaso dituztela azaldu du zinegotziak. Hemendik gutxira udal-webgunean eskegiko dute liburua, gura duenak irakurri edo jaisteko. Gainera, emakumeen testigantzakaz egin zen bideoa ere paratuko dute "denek ikusteko moduan".
Hainbat belaunaldi lotu dituen errealitatea
Vega Calvo Sierra izan zen ekimenean parte hartu zuen andreetako bat. Burgosen 1954an sortua, 40 urte daroatza Urdulizen. Anituak eta Kareagak gonbidatuta hurreratu zen berbaldietara, bere harri-koxkorra ekartzera. Calvo "gustura" geratu da testigantzen emaitzagaz eta "emakumeek herriaren historiari egindako ekarpena liburuan plazaratzeagaz". Inola emakumeen elkartearen sorreran eta bere ibilbidean parte hartu du Calvok, eta kontu batzuk "tintontzian geratu" zaizkiola uste arren pozik dago emaitzagaz. Izan ere, amamen, izekoen, amaren eta bere bizipenak islatuta ikusi ditu liburuan, berak edo beste andreek azalduta. Aurreko belaunaldiek "bizitza gogorragoa eta zailagoa" eduki zutela ondorioztatu du.
Rosa Mari Escondrillas Bilbao (Urduliz, 1952) "liluratu egin zuen" beste andreakaz batu eta elkarri historiak kontatzeko esperientziak. Ez dauka zalantzarik, errepikatuko luke, bigarren liburuki bat atera gura izanez gero. Bere ustean, "denok ez ditugu kontu berdinak bizi". Hala, itsasaldea eta barnealdea edota baserria eta kalea desberdintzen ditu.
Liburuan hamaika kontakizun eta hamabi bazterkeria-adibide irakur daitezke, andreen ahotik. Berbarako, "egun bitan segidan mutil desberdinakaz ikusten bazintuzten, berehala hasten ziren esaten: 'begira hori, halakoa da' (...). Kontu handiz ibili beharra zegoen".