Urdulizko Andra Mari jaietarako lehiaketa bi ipini dituzte martxan

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 2a, 14:42
Kakarraldoaren kalejira, iazko Urdulizko jaietan.

Udako festak iragarriko dituen kartela eta herriko musika-taldeak edo bakarlariak hautatzeko deialdi bana egin dute Urdulizko Kultur Etxeak eta Urdulizko jai-batzordeak.

Urdulizko Kultur Etxeak antolatu du Andra Mari jaietako kartel-lehiaketa. Kartazal itxi batean ondorengo datuak sartuko dira: izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa. Bestetik, lanak posta arruntez edo posta elektronikoz bidali zein lekuan bertan aurkez daitezke kultur etxean (Aita Gotzon 16 bis. 48610 Urduliz), ekainaren 1eko 13:30era arte. Irabazleak 400 euro jasoko ditu.

Lanak kultur etxean ikusgai egongo dira ekainaren 3tik 13ra arte. Erakusketa egun horietan, herritarrek aukeratuko duten lanaren egileak 100 euroko saria lortuko du. Eta beste saririk jaso ez duen urduliztar baten obrarik onenaren egileak, beste horrenbeste.

Gura duten denek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, eta lan-kopurua mugagabea da; kartelaren gaia eta erabili ahal diren teknika eta koloreei dagokionez ez dago baldintzarik. Ostera, agertu beharreko testua honako hau da: "Urdulizko Jaiak Andra Mari 2018".

Musika-taldeen deialdia

Urdulizko Jai Batzordeak Andra Mari jaietan parte hartzeko aukera eskaini die herriko musika-taldeei eta bakarlariei, tokiko musika-kultura bultzatzeko asmoz. Interesdunek maiatzaren 7tik ekainaren 1era arte izena eman dezakete. Aurreko urtean jo ez dutenek lehentasuna izango dute, eta udalerrian erroldatuta dagoen partaide bakoitzeko puntu bana jasoko du taldeak. Erabakia uztailaren lehenengo astean argitaratuko dute.

Kartel-lehiaketaren oinarriak

1. Nahi duen edonork parte hartu ahal izango du.

2. Aurkeztu beharreko lan-kopurua librea izango da, baita kartelaren gaia eta erabili ahal diren teknikak eta koloreak. Neurria, 45x60 zentimetrotakoa izango da eta euskarri zurrunean finkatuta aurkeztu beharra dago derrigorrez. Agertu beharreko testua honako hauxe da: “URDULIZKO JAIAK ANDRA MARI 2018”. Honakoak sustatuko dituzten kartelak ez dira onartuko:: norbanakoen osotasuna laidotzen dituztenak, homofobia-jarrerak eta sexuari buruzkoak, ezta gizonen eta emakumeen artean desberdintasuna sustatzen dituztenak ere.

3. Lanak egilearen sinadura barik aurkeztuko dira. Kartazal itxi batean ondorengo datuak sartuko dira: izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa. Lanak postaz zein zuzenean aurkeztu ahal izango dira Urdulizko kultur etxean (Aita Gotzon 16 bis. 48610 Urduliz kultur03@urduliz.eus) Aurkezterakoan lanei eta kartazal itxiei data eta zenbaki bat jarriko zaie.

4. Aurkezteko epea: 2018ko ekainaren 1ean, 13:30ak arte.

5. Epaimahaia arte-arloko lotutako adituek eta jai-batzordeko ordezkariek osatuko dute.

6. Lanak Urdulizko kultur etxean ikusgai egongo dira ekainaren 3tik ekainaren 13ra arte. Lekua dela-eta epaimahaiak erabaki ahal izango du zeintzuk merezi duten jendaurrean ikusgai jartzea.

7. 2018ko ekainaren 14an epaia zabalduko da.

8. Lehiaketaren irabazleak 400 euro jasoko ditu eta kartela jaietako egitarauaren atarian agertuko da. Erakusketa-egunetan herritarrek botoetara jarrita aukeratuko dituzten lanak 100 eurotako saria lortuko du. Sarituen artean ez dagoen lehen urduliztarrak 100 euroko saria jasoko du.

9. Kartela hobeto iragartzeko margo-ñabardurarik aldatu beharko balitz, epaimahaiak aldaketa hori egin ahal izango du, egilea aldez aurretik kontsultatuta eta beragaz adostuta. Ordenagailuz eginez gero, kartela egin den euskarri informatikoa eman egin beharko dute.

10. Saritutako lanak Urdulizko Kultur Etxearen esku geratuko dira. Sari bako lanak batzeko epea 2018ko uztailaren 1etik 10era izango da, eta egun horren ostean jaso bakoak Kultur Etxearen esku geratuko dira.

11. Antolatzaileek arreta handiz zainduko dituzte lanak, baina ez dira arduratzen galeraz eta apurketaz.

12. Lehiaketan parte hartzeak arauok onartzea dakar.

Herriko musika-taldeen deialdiaren oinarriak

Eskaerak: Lau asteko epean (maiatzaren 7tik ekainaren 1era arte) Urdulizko Jai Batzordeak 2018ko Andra Mari jaietan parte hartzeko aukera izan dezaten inskribatzeko deialdia egin die herriko musika-taldeei eta bakarlariei, tokiko musika-kultura bultzatzeko asmoz.

Izena emateko lekuak eta moduak: jai-batzordearen helbide elektronikoz (urdulizkojb@hotmail.com) edo kultur etxean bertan. Inskribatzeko datuak: erroldatutakoen izen-abizenak, NAN zenbakiarekin batera, eta taldearen edo bakarlariaren izena.

Musika-talde edo bakarlarien aukeraketa-irizpideak:

  • Adingabeko parte-hartzaileek beraien legezko tutoreek sinatutako baimena aurkeztu beharko dute.
  • Hautatutako talde edo bakarlarien kopurua urte bakoitzerako jai batzordearen beharren arabera izango da.
  • Talde edo bakarlari berriek edo aurreko urtean jo ez dutenek lehentasuna izango dute.
  • Erroldatuta dagoen partaide bakoitzetik puntu bat jasoko da.
  • Berdinketa egonez gero, aurreko deialdietan jarraian parte hartutako talde edo bakarlariak urte bakoitzeko puntu bat galduko du eta parte hartzen ez den urtean zerotik hasiko da. Hurrengo irizpidea zozketa izango litzateke.
  • Erroldatuta dagoen pertsona kontuan hartuko da, ez taldearen izena.
  • Parte hartzeko irizpidea berdina izango da hurrengo deialdietan, eta puntuazioa eskubidea ez galtzeko urtero apuntatu beharko dute.

Deialdiaren erabakia: uztailaren lehenengo astean argitaratuko dute.

Produktu musikalen edukia: homofoboak, arrazistak eta sexistak diren letrek hurrengo deialdietan parte ez hartzea ekar lezakete.

Jai-batzordearen betebeharrak: musika-kontzertuak ondo atera daitezen lan egitea; taldeak laguntzeko haien eskuetan dagoen dena eskaintzea; eta emanaldiak komunikabideetan bultzatzea.

Eskatzaileen betebeharrak: deialdiaren oinarriak, ordutegiak eta konpromisoak betetzea; eta beste taldeei laguntzeko prest egotea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun