Eguaztenean, goizeko 9:00ak aldera, Urdulizko Araba kaleko baserri batean lapurtzen zebiltzala ohartarazi zuten lekukoek Ertzaintza, telefonoz. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldu duenez, etxearen jabeagaz eta auzokide bategaz harremanetan ipini ziren bertaratutako polizia-agenteak; ustezko gaizkileen atzetik zebiltzan: arropa iluna zeroaten gizonezko argal bi, alegia.
Gertaeraren lekuko bategaz zihoan ertzainetako bat gertutik ikusi zituen susmagarriak; horren ostean, Ertzaintzaren eta Sopelako Udaltzaingoaren beste patruila batzuk batu ziren bilaketara. Azkenean, Sopelako Olabide kalean harrapatu zituzten ustezko lapurrak, Getxoko ertzain-etxera eroan zituzten, beharrezko izapideak egiteko. Ikertzen ibili ostean, atzo goizaldean Urdulizko Torre kaleko familia bakarreko etxebizitza batean izandako lapurreta-saiakera ere egotzi diete atxilotutako gizonezko biei.