Mutil bat atxilotu dute Urdulizen, emakume edadetu bat kolpatzea egotzita

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 20a, 11:10

Ertzaintzak 23 urteko gizonezko bat atxilotu zuen herenegun, astelehenean, Urdulizen, andre nagusi bati lesio-delitu bat eragin izana leporatuta.

Segurtasun Sailaren arabera, ustezko gaizkileak emakume edadetu bati bere etxeko portalean bortxaz eraso egin zion. Emakumearen garrasiek ohartarazi zituzten bizilagunak, eta biktima jotzen harrapatu zuten ustezko erasotzailea. Bizilagun horietako bat atera zen erasotzailearen atzetik eta patruila iritsi arte atxiki zuen; momentu horretan zerbitzuz kanpo zegoen ertzain bat da bizilagun hori, Segurtasun Sailak azaldutakoaren arabera. Biktima ospitalera eroan behar izan zuten, aurpegian eta buruan zauriak zituelako.

Igogailura sartzean

Erasoa astelehenean gertatu zen, 18:30ak aldera. Biktimak, adineko emakumeak, ertzainei esandakoaren arabera, etxeko portalean bere txakurragaz sartzen zebilela gizonezko bat sartu zen bere atzetik. Ezezagunaren jarrera susmagarria iruditu zitzaion emakumeari, eta igogailuan beragaz sartzera zihoala ikustean zein solairutara zihoan galdetu zion. Gizonezkoaren erantzunak egiaztatu egin zion emakumeari susmoa, hark adierazitako etxebizitza ez baitzen existitzen.

Une horretan gizonezkoak indarrez bultzatu zuen emakumea, eta lurrera bota ondoren kolpeka hasi zitzaion aurpegian eta buruan, biktimak kontatu duenari jarraiki. Emakumearen garrasiek hainbat bizilagun ohartarazi zituzten, eta biktimari laguntzera atera ziren. Horien artean, zerbitzuz kanpo zegoen ertzain bat zegoen, eta erasotzailearen atzetik irten zen. Ertzainak mendean hartu behar omen izan zuen susmagarria, Segurtasun Sailak nabarmendu baitu "aurpegian jo" zuela polizia; halere, ertzainak eutsi zion, beste bizilagun batzuen laguntzaz.

Handik gutxira, Neguriko Ertzain-etxeko patruila bat hurreratu zen, eta arrastatu egin zuen 23 urteko erasotzailea lesio-delitu bat leporatuta. Agenteek polizia-egoitzara eroan zuten atxilotua izapideak egitera, eta ondoren epailearen aurrean ipini zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun