Txosna eskatzeko aukera izango dute "ekoizpen propioko txerrikiak edo sagardo edo txakolin edo ekoizpen propioko irinekin egindako taloa salduko dutenek", Javier Bilbao Lopategi alkateak sinatutako dekretuan jaso dutenez.
Eskaerak uztailaren 20a baino lehen aurkeztu beharko dituzte udaletxean, honako agiriakaz batera:
- Eskatzailearen NANaren fotokopia.
- Nekazaritzako ustiategiak Bizkaiko Lurralde Historikoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan duen inskripzio-zenbakia.
- Indarrean dagoen osasun-erregistroa.
- Jarduera Ekonomikoen Zergaren alta hartuta egotea eta zerga ordainduta izanaren egiaztagiria.
- Gizarte Segurantzaren araubidean alta hartuta egotea eta kuota ordainduta izanaren egiaztagiria.
- Elikagaien manipulatzaile-txartela edo osasun-prestakuntzaren ziurtagiria.
- Erantzukizun zibileko aseguruaren poliza eta indarrean dagoen ordainagiria.
- Produktuen jatorria identifikatzeko eta bermatzeko agiriak.
Hiru txosna
Gehienez, hiru txosna baimenduko ditu Urdulizko Udalak. Hala, eskaera gehiago aurkeztuko balira, Alkatetzak hiru baimenak zozkatuko lituzke betekizunak betetzen dituzten eskatzaileen artean. Hala, emaitza alkateak ebatziko du. Horiek Udalak aldez aurretik zehaztuko dituen lekuetan kokatu beharko dituzte txosnak.
Gainera, Udalak gogorarazi duenez, txosnek "pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzeko eta hirugarrenei eragozpenik ez eragiteko beharrezko baldintza teknikoak bete" beharko dituzte, "kasu bakoitzean indarrean dagoen araudiaren arabera, batez ere, sendotasun, egituren funtzionamendu, suteen kontrako prebentzio eta babes neurriei dagokienez, baita osasun eta higiene egoerari dagokionez ere".
Hala, txosnak ireki aurretik, erantzukizun zibileko asegurua izan beharko dute, ikuskizun publikoen eta jolas-jarduerei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legeak ezarritako gutxieneko kopurua baino handiagoa, "baimendutako jarduera garatzean hirugarrenei sor lekizkiekeen kalte-galerak ordaintzeko".
Higiene-, osasun- eta segurtasun-baldintzak
Instalazioak ipintzeko eta erabiltzeko orduan, merkaturatutako produktuen eta instalazioen gaineko araudi espezifikoak ezartzen dituen higiene- eta osasun-baldintzak betearaziko ditu Udalak. gaienra, erakundeak ez du baztertu baimenetan bestelako baldintza partikularrak ere ezartzea. Azkenik, derrigorrezkoa izango da txosna bakoitzean su-itzalgailu bat instalatuta egotea, 21a-113B-ko eraginkortasunekoa eta egunean berrikusia, hura erabiltzeko arazorik egon ez dadin.