Udako jaiak 2018

Urdulizen aste-akabu bitan izango dira Andra Mari jaiak

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 6a, 13:31

Zapatuan egingo dute Urdulizko Andra Mari jaietako ohiko goitibehera-jaitsiera. CC-BY-NC-SA NAPHARROA

Ohiturak lege: aste-akabu bitan egingo dira Urdulizko jaiak; Landan, lehenengo, eta Elortzan, ondoren. Egitarauan ez da klasikorik faltako: Kakarraldoaren jaitsiera, goitibeherak, herri-bazkaria... 

Irailaren 7an hasiko dira 2018ko Andra Mari jaiak Urdulizen. Eliza ondoko landan egingo dira lehenengo aste-akabuko ekitaldi gehienak; bigarrenekoak, berriz, herriko beste gune nagusian, Elortzan. Bien artean, irailaren 12an (eguaztena), Urduliz Futbol Taldeak 2018-19 denboraldiko aurkezpen-partida jokatuko du, Sestaoko San Pedroren aurka. Izan ere, kirol-taldeek protagonismo handia izango dute aurtengo jaietan, hasiera-hasieratik; berbarako Iparralde sokatira-taldeko neskei egokituko zaie pregoia irakurtzea eta suziria botatzea eta Urduliz Eskubaloi Taldeak denboraldi-hasierako aurkezpena egingo du irailaren 15ean, Iparralde kiroldegian.

Jaien hasierara buelta gaitezen, baina. Txupinazoaren ostean, Kakarraldoaren jaitsiera egingo da, kuadrillen eta herritarren desfile eta guzti. Ekitaldi horretan jantzi tradizionalez parte hartzeko eskatu du jai-batzordeak, baserritarrez zein arrantzalez jantzita. Geroxeago, 20:30ean, txistorra dohainik emango dute txosnetan hartutako pote banaren truke, umeek eurentzat beren-beregi antolatutako disko-festaz gozatzen duten bitartean.

Irailaren 8a, egun handia

Jaietako bigarren eguna izango da Andra Mari eguna. Goizeko egitarauan, 23 urtez azpikoen txirrindularitza-lasterketaren 33. edizioa nabarmendu beharra dago. Ostean, 14:00etan, herri-bazkaria egingo dute Iparralde kiroldegian, eta, bazkalostean, goitibehera-jaitsiera, Santa Mariñeko aldapan behera. Gaueko 10:00etan isiotuko dute su artifizialen arteko lehenengoa, erromeria hasi baino lehenago.

Bigarren aste-akabuaren hasieran ere, irailaren 14an, kirola izango da nagusi: eskubaloia, skatea eta pala-partidak izango dira arrastian. Zapatua, berriz, itxuraz aldatzeko eguna izango da: mozorro-lehiaketa 16:00etan egingo da, Elortzako eskolan, eta mozorro-gaua, 22:30etik aurrera. Lehenago, 17:00etan, profesionalen esku-pilota partidak jokatuko dira

Egitaraua:

Irailak 7, barikua

  • 19:00 Txupinazoa eta pregoia, nesken sokatira-taldeak egingo ditu, Udaletxeko balkoitik. Ostean, Kakarraldoaren jaitsiera eta herritarren eta kuadrillen kalejira Landaraino, batukadak eta buruhandiek lagunduta. Arrantzalez edo baserritarrez jantzita joateko eskatu dute antolatzaileek.  
  • 19:00 Street-basketa, lehengo futbol-zelaiaren ondoan.
  • 20:00 Herriko hildakoen aldeko meza.
  • 20:15 Umeei begirako disko-festa, Landan.
  • 20:30 Pote banaren truke txistorra dohainik, txosnetan. Gero, jolasak.
  • 23:00 Kontzertuak: Holy Txala-Patupa eta Black Ice taldeenak. Bigarrena AC/DC banda ospetsuaren gorazarre-taldea da; Landan.

Irailak 8, zapatua. Andra Mari eguna.

  • 10:00 Kalejira, txistulariakaz.
  • 10:30 33. Andra Mari Txirrindularitza Sari Nagusia, 23 urtez azpikoena.
  • 11:00 Meza nagusia.
  • 11:45 Ohorezko aurreskua eliza aurrean.
  • 12:00 Herri-kirolak, Landan.
  • 13:00 Txirrindularitza-lasterketaren sari-banaketa, Landan.
  • 14:00 Herri-bazkaria, Iparralde kiroldegian. Txartelak Txiki Barri eta Txiberri tabernetan eros daitezke.  
  • 17:00 Goitibehera-jaitsiera, Santa Mariñeko aldapan behera. Ondoren, III. Santa Marina igoera-lasterketa (kilometro erdikoa, bertikalean).
  • 20:00 Bilbainadak: Los Txikis taldearenak; Landan.
  • 22:00 Su artifizialak, Landan.
  • 23:00 Kontzertua, Funktree taldearena. Erromeria, Urratsegaz. Landan.   

Irailak 9, domeka

  • 11:00 Txu-txu trena eta ume-parkea.
  • 13:00 Bits-jaia.
  • 19:00 Ekitaldi berezia, Landan. Gonbidatutako parte-hartzaileentzat baino ez.
  • Irailak 12, eguaztena
  • 20:00 Urduliz Futbol taldearen aurkezpen-partida, S.D. San Pedroren aurka.

Irailak 14, barikua

  • 16:00 Umeen eskubaloia, Urduliz Eskubaloi Taldearen eskumenez; Elortzan.
  • 18:00 VI. Skate Xpression erakustaldia, musikak alaituta; Urdulizko skate-parkean. Euria egingo balu, beste egun batean egingo litzatekeela jakinarazi dute.
  • 19:30 Zale- eta profesional-mailetako pala-partidak, Iparralde kiroldegian.
  • 23:00 Kontzertuak: The Cool Clown Clan eta Ze Esatek; Elortzan.

Irailak 15, zapatua

  • 10:00 Kalejira, txistulariakaz.
  • 11:00 Umeei begirako parkea egongo da Elortzan, bertan puzgarriak, tirolina, ludoteka eta rokodromoa egongo dira, besteak beste.
  • 12:00 Urdulizko Iratxo Gorria dantza-taldearen emanaldia, udaletxeko plazan.
  • 13:00 Erronka nagusia, Udaletxeko plazan.
  • 16:00 Mozorro-lehiaketa, Elortza eskolan. Euria egingo balu, Iparralde kiroldegian egingo litzateke.
  • 17:00 Mozorro-lehiaketaren sari-banaketa.
  • 17:00 Profesional-mailako eskupilota-partidak, Iparralde kiroldegian.
  • 19:00 Umeei begirako disko-festa, txosnetan.
  • 20:00 Sardina-jana, trikitien eta panderoen soinuan.
  • 20:30 Urduliz Eskubaloi Taldeak denboraldiaren hasierako aurkezpena egingo du, Iparralde kiroldegian.
  • 22:30 Mozorro-gaua. Eta Font Poker-taldearen kontzertua, Elortza auzoko txosnagunean; ondoren, erromeria, Luhartz taldeagaz.

Irailak 16, domeka

  • 12:00 Motor zaharren erakusketa, udaletxeko plazan.
  • 12:00 Umeei begirako jolasak.
  • 16:00 Mus-txapelketa, Txori Alai elkartearen egoitzan.
  • 18:00 Areto-dantzak, Iparralde kiroldegian.

Irailak 22, zapatua

  • 09:00 Herri-martxa, udaletxeko plazatik abiatuta. Nagusien irteera 09.00etan izango da; txikiena, 10:00etan. Horretan parte hartzeko izen-ematea kultur etxean egin daiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun