Euskaraldia

Urduliztarrak Euskaraldiagaz bat egitera gonbidatu ditu alkateak

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 17a, 12:35

Javier Bilbao Urdulizko alkatea.

Javier Bilbao Lopategi Urdulizko alkateak gutun bana igorri du Urdulizko etxeetara, Euskaraldia ariketa sozialaren berri eman eta parte hartzera animatzeko. Bilbaok gogorarazi duenez, "Urduliz herri euskalduna da, gehiengoak euskaraz ulertzen du baina erabileran ez da hori islatzen".

Urdulizko alkatearen gutuna, berbaz berba

Urduliztar agurgarria,

Gutun honen bitartez zuregana jotzen dugu Euskaraldia egitasmoa aurkeztu nahian.

Urduliz herri euskalduna da, gehiengoak euskaraz ulertzen du baina erabileran ez da hori islatzen. Horregatik, euskaltzale guztiak aktibatu asmoz, Euskal Herri osoan abiatuko den Euskaraldia Urdulizen ere martxan jartzeko deia egin gura dugu.

Euskaraldia, gaztelaniaz hitz egiteko joera daukaten pertsonak aktibatu eta hamaika egunetan hizkuntza-ohiturak aldatzeko saiakera pertsonala eta kolektiboa izango da. Izena eman nahi duenak bi modutara egin ahalko du: udaletxean eta kultur etxean orria betez, edo Euskaraldia.eus webgunean datuak sartuz. Udala lanean ari da egitasmoa aurrera eramateko baina herritar, eragile, elkarte eta nahi duen orori gonbidapena luzatzen dizuegu EUSKARALDIAren alde herrian ekintzak antolatu, babesa eman eta parte hartzeko, guztion ekarpena beharrezkoa delako.

Herriko euskaltzaleak batzea ezinbestekoa da eta zu horren parte izatea nahi dugu. Eskertuko dizugu, halaber, zure inguruan honen berri zabaltzea. Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi euskaraldiauribekostan@gmail.com helbidera.

Elkar ikusiko dugulakoan, eskerrik asko.

Javier Bilbao Lopategi, Urdulizko Alkatea

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun