Euskaraldia

Urduliztarrek babesa emango diote Euskaraldiari, domekan

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 16a, 17:00

Domeka honetan, azaroaren 18an, Euskaraldia aurkeztuko dute jendaurrean, Urdulizko Antsonekoa plazan. Talde-dinamizatzaileak eguerdian ipini du hitzordua. Bertan, Urdulizko elkarteetako kideek eta gura duten herritarrek argazkia aterako dute.

Horretaz gainera, Euskaraldiko materiala banatuko dute. Bestalde jai-giroa izango da, bertsolari eta trikitilariei esker. Talo-tailerra ere egingo dute. Antolatzaileek adierazi dutenez, Urdulizko Euskaraldiaren talde-eragilean aktiboki parte hartu gura dutenek, honako posta elektronikora idatzi besterik ez dute egin behar: euskaraldiauribekostan@gmail.com.

Bere aldetik, Urduliz Futbol Taldeak zale denak gonbidatu ditu domekako aurkezpenean parte hartzera: "taldeko txandalagaz etorri Urduliz Futbol Taldean ere euskaraz dakigula ikus dezaten!".

Euskaraldiko sustatzaileek gogorarazi dutenez, Urduliz herri nahiko euskalduna da, gehiengoak euskaraz ulertzen du, baina erabileran ez da hori islatzen. Horregatik, azaldu dute, euskaltzale denak aktibatu asmoz, Euskal Herri osoan bezala, Euskaraldia Urdulizen ere abian da.

Euskaraldian izena emateko epea zabalik da oraindino. Bi modu daude: Euskaraldia.eus webgunean edo zuzenean, Urdulizko udaletxean eta kultur etxean dauden kutxatan eskuorria sartzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun