Bigarren Errepublikaren eta Gerra Zibilaren historia jasotzen duten ikerketa-liburuak aurkeztuko dituzte Urdulizen

Iker Rincon Moreno 2019ko urt. 15a, 11:52
Metrailadore-kabia Burdin Hesian, Urdulizen. INDALECIO OJANGURENEN ARTXIBOA

Eusko Ikaskuntzaren eta Urdulizko Udalaren arteko lankidetzaren emaitza izan da Koldo Somokueto urduliztarraren argitalpen bikoitza.

Koldo Somokueto ikerlari urduliztarrak idatzitako historia liburuak aurkeztuko dituzte urtarrilaren 17an, eguena, Urdulizko udaletxeko Udalbatza aretoan. Argitalpenetan Urdulizko historia aztertu du ikertzaileak, 1931tik 1939ra bitartean. Hala, "Urduliz, Euskal udalerri baten historia Bigarren Errepublika garaian" eta "Urduliz, Euskal udalerri baten historia Gerra Zibilaren garaian" liburuak plazaratu ditu.

Ikerketaren helburua herriaren errealitate soziala, politikoa eta kulturalean sakontzea izan da. Horretarako, hauteskunde kanpaina, alderdi politikoen eta beste erakundeen bilakaera, gatazka sozialak, bizitza kulturala eta euskararen presentzia aztertu ditu, besteak beste.

Ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta bertan hartuko dute parte Rosa Miren Pagola Eusko Ikaskuntzako Bizkaiko lehendakariordeak, Javier Bilbao Lopategi Urdulizko alkateak, Ludger Mees ikerketa lanaren zuzendariak eta Koldo Somokueto ikertzaile eta egileak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun