Nola baloratuko zenuke aurtengo denboraldia?
Oso arrakastatsua izan da aurtengoa. Hasieran ligako lehenengo bost sailkatuen artean geratzea zen gure erronka, baina emaitzak espero genituenak baino hobeak izan dira. Lau partidu besterik ez ditugu galdu, eta historia egin dugu play off-ean neurketa guztiak irabaziz. Gure amets onenetan ere ez genuen espero lortutakoa.
Nola ikusten duzu zuen burua hurrengo urteari begira?
Zorte handikoak gara, taldeko bataz besteko adina 22 urtekoa baita; horrez gainera, harrobiko jokalari asko ditugu. Horietako askok Espainiako hainbat lehiaketatan parte hartu dute , baita Euskadi eta Espainiako selekzioagaz jokatu ere. Indargunea da guretzat, hala ere, kontzienteak gara gogor lan egin behar dugula gure estatus berrian egonkortzeko.
Zein izan da zuen indargunea?
Konpromisoa eta motibazioa, dudarik gabe. Gainera, denboraldiak aurrera egin ahala, asko hobetu dugu defentsan eta jokoan gure estiloa agertu dugu.
Momentu txarrak ere izan dituzue…
Bai. Denboraldiaren amaieran neurketa bi galdu genituen jarraian, gure jokatzeko eran identitate-krisia suposatu zuen aldi bi horietan porrot egiteak. Hala ere, azkar eutsi genion gure estiloari eta garaipenaren dinamikari.
Zaletu askok ere zuekaz bidaiatu dute azken partiduetan.
Zaleak gure zortzigarren jokalaria izan dira. Play off-ean ehun bat zale hurbildu ziren Luancora (Asturias), eta uneoro egon ziren taldeari babesa ematen. Euren laguntzagatik izan ez balitz, askoz ere zailago edukiko genukeen.
Zein izan da giltza liga eta play off-ak irabazteko?
Erregulartasuna mantentzea eta partidu guztietan aulkian behar beste jokalari izatea, postu guztietan bermeak izanik. Halaber, denboraldiaren hasieratik sailkapenaren goiko postuei heldu genien. Gainera, ez dugu urte osoan apenas lesiorik izan eta horrek ere asko lagundu digu.