Udako jaiak 2019

Baserritar giroak hartuko du Urdulizko erdigunea

Iker Rincon Moreno 2019ko abu. 22a, 10:47

Urdulizko Andramariei hasiera emateko suziria irailera arte piztuko ez duten arren, herria jai-giroan murgiltzen hasteko Nekazaritza Azoka antolatu dute abuztuaren 24rako, zapatuan.

Irailaren hasierako aste-akabu bietan ospatuko dituzte Urdulizko Andra Mari jaiak; Landan, lehenengo, eta Elortzan, ondoren. Ospakizun horien aurretik, baina, Nekazaritza Azoka egingo dute abuztuaren 24an, zapatuan. Arduradunek azaldu dutenez, ospakizunotarako Kultura Zinegotzigoak eta jai-batzordeak elkarlanean antolatutako programazioak «erreferentzia erakargarria izan nahi du auzotarrek jai-egitarauaren jardueretan parte har dezaten». Horretarako, askotariko jarduerak antolatu dituzte, auzoko denentzat atsegingarriak izango direlakoan. Urtero legez, horien artean baserritarren azoka egitea proposatu dute, aipatutako egunean. Hala, XXVI. edizioa beteko duen merkatu horretan euren ortuariak, frutak eta landareak saldu gura dituztenek aldez aurretik egin beharko dute izen-ematea, uztailaren 16a baino lehen. Arduradunek azpimarratu dutenaren arabera, parte-hartzaileek «egiaztatu beharko dute eskainiko dituzten produktuak benetan baserrikoak eta bertokoak direla».

Azoka goizeko 10:30ean hasiko da; hala ere, saltzaileak 09:00etatik aurrera hasi ahal izango dira mahaiak eta erakustokiak antolatzen. Bien bitartean, batzorde arduradunak bertoko produktuen benetakotasuna egiaztatuko du. Azoka zabalik egongo da 14:00ak arte, eta ondoren sariak banatzeari ekingo diote. Hiru kategoriatan egingo dute sariketa: ortuariak, frutak eta landareak, eta atal bakoitzeko hiru irabazleek 100 euro, 110 euro eta 130 euroko saria eta garaikurra jasoko dituzte, hurrenez hurren.

Andra Mari jaietako Nekazaritza Azoka horretan askotariko produktuez gozatu ahalko da, baita ekoizpen propioko txerrikiak, sagardoa, txakolina eta norberak birrindutako irinagaz egindako taloa ere, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun