Elkarrekin Podemos udal-taldeak proposatu du udalerriko kale-izendegiak "ikusgarritasuna" eman behar diola Urdulizko historiaren zati izan diren emakumeei: "Izan ere, euren balioa, bizitza, ohiturak eta lana kontuan hartuta, ez dute merezi ahaztuta geratzea, eta merezi dute hemen bizi garen urduliztarrok eta etorkizunean etorriko diren guztiek euren historia ezagutzea".
Talde moreak gogoratu duenez, joan den uztailaren 23ko osoko bilkuran Urdulizko erdiguneko plaza bati izena jartzeko eztabaidan Lehendakari Agirre izena jartzea proposatu zuen Gobernu-taldeak. Horren aurrean, Gerra Zibilaren garaian udalerriko alaba izan zen Eusebia Felisa Ascobereta maistraren izena proposatu zuen Elkarrekin Podemosek; hala ere, alferrikakoa izan zen saiakera eta EAJren proposamena gailendu zen. Hala, abenduko ezohiko osoko bilkuran beste saiakera bat egin zuen talde ezkertiarrak, oraingoan Elortza plazari izena aldatzeko. Nomenklatura berriak EH Bilduren babesa jaso zuen, baita Inola emakumeen elkartearena ere; baina izena ez aldatzea erabaki zuen Udalbatzak, EAJren kontrakotasunagatik. Jeltzaleen aburuz, izendapen berrirako proposatzen den plazak Elortza plaza izena du duela urte askotatik, "eta auzotar asko egongo dira aldaketa horrekin bat ez datozenak". Hala ere, proposatutako izenaren alde agertu zen EAJ, baita kale-izendegian emakumeen ikusgarritasuna bermatzeagaz ere. Kontuak horrela, gai hori osoko bilkura berezi batean landu beharra dagoela azaldu zuen. Horren aurrean, Elkarrekin Podemosek galdetu du ea zein batzordetan, nola eta noiz egin daitekeen gai hori lantzeko prozesua.
Eusebia Felisa Ascobereta, gerra garaiko irakaslea
Elkarrekin Podemosek azaldu duenez, joan den urtarrilean Koldo Somocuetok Urdulizen aurkeztu zuen liburuan (Urduliz: Euskal udalerri baten historia Guerra Zibilaren garaian), ezagutzera ematen dira, batetik, Urdulizko urte horietako historia; eta, bestetik, udalerri horretan garrantzia izan zuten hainbat emakumek jasandako errepresaliak. "Horietako bat da Eusebia Felisa Ascobereta Astivia andrea, Urdulizko alaba, maistra jardun zuen gure herrian gerra zibila hasi arte. Nafarroan oporretan zegoela, bertan topatu zuen gerra. Bere lanpostura itzuli nahi izan zuenean, ukatu egin zion Bizkaiko Irakasle-langileak Arazteko Batzordeak, 1938an. Batzorde horrek aho batez onartu zuen Bizkaitik kanpo, eta, gero, Euskaditik eta Nafarroatik bidaltzeko proposamena egitea", azaldu dutenez. Emakume horrek bere jardunaren aldeko hainbat txosten batu ei zituen, "baina garrantzitsuagoak eta pisutsuagoak izan ziren bere erlijiotasun ezari, ezkerreko ideologiari eta separatismoari buruzkoak. Bidegabekeria matxista, politiko eta erlijioso honi babesa eman zioten txostenen egileak hauexek izan ziren: Urdulizko apaiz Serafín Sagarna, Guardia Zibileko kabo Gregorio Gómez, lekukotasuna emateko hautatu zuten familiaburu Juan José Carrasson eta, erantzukizun handiena izan zuena, Urdulizko lehenengo udal frankistako alkatea, Manuel de Uribe, bere txostena, kontsultatutakoen artean, negatiboena izan zelako, idazlearen arabera".
Historia horren aurrean, Elkarrekin Podemosek uste du "abagune ona" dela Urdulizko Udalak orduko hartan auzokide horri eragindako kaltea "konpentsatzeko eta emakumearen izena begi bistan jartzeko, denok gogora dezagun".