Historiaren ganbara

Burdin Hesiaren memoria

Iñaki Libano 2020ko eka. 12a, 08:00

Ondoko testua 1937ko ekainaren 12an Urdulizen bizi izandakoaren kontakizun bat da, lehen pertsonan idatzia. Egun hartan Burdin Hesia hautsi zen Gaztelumendin. Frankisten abiazioa eta artilleria nagusi ziren, eta gudari eta errepublikanoak ez ziren gai izan eusteko.  

Santa Marinako Haitzak. Goizeko 8ak dira, eta egunsentitik denok gabiltza egonezinean. Kuartel nagusitik oharra bidali digute: gaur alerta gorenean gaude. Goizean goiz, artean ilun zegoela eta lehenengo eguzki-printzak sortaldetik agertzen ari zirenean, aurreko egunetan hain ohikoa izan den "oihartzuna" entzuten hasi gara: frankistak gure kideen aurka egiten dabiltzan bonbardaketen burrunba, Jatan, Solluben, Gaztelumendin eta Gamizmendin. 

Santa Marinako Haitzen begiratoki garaienetik, geure begiz ikus dezakegu aurreko egunetan su-bonbek Jata mendian eragindako suteen kea

Santa Marinako Haitzen begiratoki garaienetik, geure begiz ikus dezakegu aurreko egunetan su-bonbek Jata mendian eragindako suteen kea, baita Gaztelumendi ingurukoa ere, orain oso gutxi sortutakoa. Mungiako ibarraren ikuspegia desagertzen ez den lanbro batek lausotzen digu; leherketen keak, Mungiako baserri eta etxeetako suteenak eta hurbileko gailurretako gudarien posizioetakoak sortutako lanbroa. 

Aurreko egunetan, lantzean behin, abioi italiar eta alemaniarrak gure gainetik igaro izan dira, gu beldurtzeko asmoz, baina ez dizkigute euren lehergailu hilgarriak jaurti. Haien zarata erlauntz batenaren modukoa da hasieran, etengabea eta errepikakorra; apurka-apurka ozenago eginez doa, belarriak estaltzera behartzen zaituen burrunba bihurtu arte. Antza denez, euren jomugak Lamiakon dugun aerodromo kolpatua, gure Labe Garaietako fabrikak eta Bizkaia Zubia izan dira. Esan digutenez, jomuga horiekiko asmoa ez da berdina izan kasu denetan.

Orain dela aste batzuk gure abioien eta frankisten arteko azken guduetako baten lekukoak izan ginen, Urdulizen gain-gainean. Gure lurreko posizioetatik italiar abioi horietako batzuk botatzen saiatu ginen, baina ez genuen lortu. Jaurti genizkien obusek ez zituzten jo, eta horietako baten bat Luberrieta baserriaren ondoan jausi zen. Badakigu ere abioi horiek Urdulizko hainbat leku metrailatu dituztela, Ansoleaga Bekoa baserria esate baterako.     

Bonbardaketek Lamiakoko nasan dugun aerodromoa suntsitu dute, baita haren defentsa-bateria ere, Gazteluetan ipinita geneukana

Bonbardaketek Lamiakoko nasan dugun aerodromoa suntsitu dute, baita haren defentsa-bateria ere, Gazteluetan ipinita geneukana. Labe Garaiak bonbardatzeko saiakerek, arinak izan badira ere, labe guztia gelditzea eragin dute. Bizkaia Zubiari dagokionez, alferrekoak izan dira suntsitzeko egin dituzten ahaleginak. Hainbat bider bonbardatzen saiatuta ere, ez dira hura jotzeko gai izan; momentu honetan ezker ibarrerantz erretiratzeko zorian gaudela uste dugunez gero, guretzat oso komenigarria izango da zubia egoera onean egotea, gudarosteak itsasadarra zeharkatu ahal izateko. Agindua jasotzeko zain gaude, urduri eta zer gertatuko den ondo jakin gabe... 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun