Laguntzak hiru jarduketa arlo nagusitan banatzen dira, alarma-egoera indarrean egon den bitartean jarduera eten behar izateak sortu dituen beharrei erantzun ahal izateko. 150.000 euro jasoko dituen partida garrantzitsuena, epealdi horretan euren jarduera aldi baterako eten behar izan duten enpresa txikiek eta autonomoek eskatu ahal izango dituzten diru-laguntza edo bestelako laguntza zuzenetara egongo da bideratuta.
Bigarren neurriari dagokionez, Udalak Bonu kanpaina jarriko du martxan, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreei laguntzeko. Urdulizko Merkatarien Elkartearen laguntza duen ekimenak 10.000 euroko aurrekontu partida izango du, eta udalerriko establezimendu guztiek parte hartu ahal izango dute, Elkarteko bazkide izan edo ez. Gainera, tokiko kontsumoa sustatzeko kanpaina gisa ere planteatuko da.
Azkenik, Udalak 6.000 euro bideratuko ditu enpresa txikiek eta autonomoek prebentzio neurriak ezartzeko izan dituzten gastuak diruz laguntzera. Partida horren barruan, langileen eta erabiltzaileen babesera zuzendutako maskarak, manparak, gelak eta bestelako materialak sartzen dira. Laguntza horiek eta bonu kanpaina, Uribe Kosta Behargintzagaz sinatutako hitzarmenen bitartez kudeatuko dira.
Eskaerak Urdulizko Udalaren online tramiteak deritzon atalaren bitartez egin ahal izango dira, baita email bidez eta aurrez aurre udaletxeko HAZen, 08:30etik 13:30era.