Genero ikuspegitik egingo duten Urdulizko jaien diagnostiko parte-hartzailearen kanpaina aurkeztu zuen atzo, eguenean, Urdulizko Udalak. Bertan izan ziren Javier Bilbao, Urdulizko alkatean; Karmen Kareaga Berdintasun zinegotzia; Maider Fernandez, Uribe Kostako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuko teknikaria; eta Savina Lafita, Errotik Kooperatiba feministako kidea.
Atzo aurkeztutako programaren bidez, helburua da udalerriko emakumeek eta LGTBI+ kolektiboetako herritarrek jaiak baldintza berdinetan gozatzea. "Helburu horri herritar guztien erantzunkidetasunetik eta jaietan inplikatutako funtsezko eragile eta udal zerbitzuetatik erantzun behar zaio", azaldu zuten atzo. Hori horrela, Udalak, Urdulizko jaiak diagnostikatu gura ditu, "proposamen ekimenak sortzeko, jai parte-hartzaileagoa, berdinzaleak, inklusiboak eta indarkeria matxistarik gabeko jaiak izan daitezen".
Horretarako, atzo aurkeztu zuten "Urdulizen Jai Berdinzaleak" lema. Festetako pertsonaia den Kakarraldoaren logoan kokatu dute, eta, bestetik, kolore moreko jaietako zapia gehitu dute; "eskubide berdinen aldeko eta genero-identitate, sexu-orientazio, klase, etnia, kultura, migrazio-estatus, gaitasun, sinesmen arrazoiengatik edota inolako diskriminaziorik gabeko aldarrikapen feminista irudikatu nahi izan dugu".
Azaldu dutenez, kanpainaren logoak indarra ematen dio diagnostikoaren helburuaren berdintasun printzipioari; "izan ere, emakumeen borrokek eta kaleetako mobilizazioek, instituzioei konpromiso irmoko ariketa egitea eskatzen digute". Hain zuzen helburu hauek lortu gura dituzte:
- Genero-harremanak eraldatzea gure udalerrien eta gure administrazioetako bizitzan.
- Tokiko bizitzako baldintza guztietako emakumeen partaidetza ekonomiko, sozial, politiko eta kulturalerako baldintzak eta aukerak eraikitzea.
- Diskriminazio mota guztien aurka eta berdintasun printzipioaren alde borrokatzea.
- Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak desagerraraztea eta egiturazko indarkeria horren biktimen bizitzak erreparatzea.
- Bizitzak erdigunean jarriko dituzten gizarte-erakunde erantzunkideak diseinatzea.
Urdulizen konpromiso horiek benetakoak izan daitezen, Urdulizko Udalak berdintasunaren arloko politikak diseinatu eta kudeatu behar dituela ondorioztatu dute. Horregatik, genero ikuspegitik garatuko den Urdulizko jaien diagnostiko parte-hartzailearen kanpaina aurkeztu zuten atzo, "hain zuzen, berdintasunezko gizarte inklusiboa eraikitzen lagungarria izan dadin, eta, era berean, udalerriko bizitzan pertsona guztien eskubideak eta parte-hartzea bermatzeko".
COVID-19ak moldatutako ospakizunak
Aurten, COVID-19k eragindako egungo osasun-inguruabarrak direla eta, pertsonak biltzea eta pilatzea dakarten jarduerak kaltetu edo debekatu egingo dira, elkartzeko mugen edota urruntze sozialen bidez. Hori dela eta, ez da festarik izango, ez behintzat orain arte ospatu den bezala. "Hala eta guzti ere, herritarrek, bitxikeria zein kontakizun edo objektu mnemoniko ugariren bidez, hala nola argazki, kartel eta etxean gordetzen dituzten bestelako oroitzapenen bidez, erraz gogoratuko dute Urdulizen nola ospatzen ditugun jaiak", iragarri dute udal-arduradunek.
"Ondo dakigu, herriko jaiak garrantzitsua direla ospatzen duen komunitatearen nortasuna sortzeko eta indartzeko, eta, horretarako, oroimena funtsezko pieza izanen da gure herritarrek jaiak erreproduzitu nahi izateko. Hain zuzen, orain arte egin duten bezala, liturgia eta sinbologia osoak erakusten dituen emozioak mugiaraziz", gaineratu dute. Horregatik, diagnostikoak jaiaren oroimenean jarriko du arreta.
Egin beharreko proiektua Errotik Kooperatiba feministak diseinatu du, eta bera arduratuko da diagnostiko-prozesu batek eskatzen dituen funtsezko une guztiak kudeatzeaz:
- Jaien aurretik; ekainean, uztailean eta abuztuan zehar, jendaurreko aurkezpena, jaietan inplikatutako funtsezko herri eragileen eta zerbitzu nagusiei banakako elkarrizketak eta udal artxiboen berrikuspena egingo dira.
- Jaiei dagokienez; uztailean eta irailean ariketa etnografikoa egingo da. Herritarrek, Urdulizko jaiak duten dinamika eta ospakizunakaz lotutako etxeko argazkien bidez parte hartu ahal izango dute.
- Jaien ondoren; irailean, urrian eta azaroan zehar. Eztabaida-taldea egingo da, eta, horretarako, berdintasunean oinarritutako irizpide teknikoen arabera hautatutako pertsonak deituko dira. Era berean, amaierako txostena idatziko da eta diagnostikoaren emaitzak jendaurrean aurkeztuko dira.