LAB sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, Urdulizko ospitaleko zuzendaritzak (Uribe ESI) praktikak egiten dabiltzan 4. mailako erizaintzako ikasleak erabili ditu PCR probak egiteko, "berezko formakuntzarik eman gabe (NBEak nola erabili eta PCR probak nola egin) eta beharrezko den gainbegiratzerik gabe". Sindikatuaren arabera, egoera horrek 11 egun iraun zuen, joan den irailaren 23an ordubeteko formakuntza saioa jaso arte. "Une horretan ikasleak kezka handiz konturatu ziren ez zirela PCRak ondo egiten ari".
LABen ustez, eman den egoera onartezina da: "Osakidetzako ESIetako zuzendaritzek ezin dituzte erizaintza ikasleak erabili esku-lan merke bezala, formazio nahikorik eman gabe eta zuzeneko gainbegiradapean egon gabe. Erabiltzaileon osasunean ondorio txarrak izan ditzakeen arduragabekeria galanta baten aurrean gaude, erantzuleak dauzkana".
Sindikatu abertzaleak salatu du PCR probak eta aztarnari-lanak "modu deszentralizatuan" kudeatzen dituela Osakidetzak, "ESI bakoitza bere estiloan, eta inprobisazioa, ardura falta, kaosa eta errekurtsoen erabilera okerra nagusi dira". Horren aurrean, ekimen horien funtzionamendua "modu argian" arau ditzala eskatu dio Osakidetzako zuzendaritzari; osasun zentroetatik lan horiek egiteko atera dituzten langile guztiak ordezka ditzala, euren lan-zentroetako hutsuneak betetzeko; eta aztarnari lanak egiteko behar diren pertsonak profil administratiboko kategorietako kontratazio zerrendetatik dei ditzala.