Urdulizen eraikitzen hasi diren gasolindegiak hautsak harrotu ditu

Iker Rincon Moreno 2020ko urr. 23a, 10:32
Gasolindegia eraikitzen hasi diren lursaila, artxiboko irudian.

Herrigunean gasolindegi bat ezartzeko lizentzia eman dio Urdulizko Udalak Disa Peninsula enpresari. Zerbitzugunea 2.570 metro koadroko eremuan egiten hasi dira, Aita Gotzon eta Igeltzera kaleen artean. Egitasmoak ezinegona eragin du hainbat auzokideren eta tokiko EH Bilduren artean.

Urdulizko EH Bilduk ohar bidez azaldu du "guztiz desegokia" dela autoen aparkaleku eta etxebizitza batzuen ondoan gasolindegi bat jartzea. Era berean, uste dute ez dela beharrezkoa hori, inguruan badaudelako beste hainbat zerbitzugune, hala nola Gatikan, Plentzian eta Larrabasterran. Horren ordez, beste azpiegitura mota batzuk lehenetsi egin beharko liratekeela uste du koalizio abertzaleak, "esaterako auto elektrikoentzako kargagailu publikoak".

El Correo egunkariak, bere aldetik, Urduliz Bizirik Auzo Elkartearen kexak jaso ditu horren harira; auzokideek diote ez zaiela ideia gustatzen, lehertuko ez den arren, zikinkeria, zarata, trafikoa eta usain txarrak eragingo dituelakoan. Era berean, auzokideek iragarri dute espedienteak errebisatuko dituztela, "nolabait hura paralizatzeko aukerak dauden edo ez ikusteko". Egunkari berdinak gobernu-taldearen iritzia jaso du: "Proiektua atzera botako bagenu ilegala izango litzateke". Horri lotuta, EH Bilduk salatu du gaia ez dela inoiz Udalbatzan landu, "udaletxean hartzen diren erabaki gehienak bezalaxe: alkate dekretuz eta oposizioa informatu barik". Izan ere, koalizioak azaldu du gasolindegia ustiatzeko baimena 2019ko maiatzaren 29an sinatu zuela alkateak, "udal-hauteskundeak ospatu eta hiru egunera". Hala, oposizioak deitoratu duenez, "data horretan Udalbatza osatu barik zegoen eta artean zinegotziak kargua hartu barik zeudenez alkate dekretuei ezin zitzaizkion alegaziorik egin".

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun