Urdulizko Udalak onartu berri du abian jartzea udalerriko ostalaritza laguntzera zuzendutako 50.000 euroko aparteko laguntza-lerro bat, eta kultur, gizarte eta kirol elkarteetarako 20.000 euroko beste bat. Bizkaiko Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu diren neurri horiek osasun krisiaren ondorioak arintzera daude bideratuta eta, ostalaritza sektorearen kasuan, Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren hedapenari aurre egiteko establezimenduei ezarritako aldi baterako itxieraren ondorioak arintzera, batez ere.
Urdulizko autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek jaso ditzakete ostalaritzarako laguntzak, baldin eta Lehendakariaren azaroaren 6ko 38/2020 Dekretua aplikatu zenetik merkataritzako jarduera barik badaude, eta baldin eta urriaren 25eko Alarma egoera deklaratu aurretik ostalaritzaren esparruan aktibo bazeuden. Eskabideak aurkezteko epea abenduaren 24an amaituko da. Horretarako, aurrez aurre Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, 08:30etik 13:30era; edo udal-webguneko "On line izapideak" atalaren bidez egin beharko da.
Pertsona edo erakunde eskatzaileek 1.000 euroko diru-laguntza finkoa jasoko dute eskaera eta onuradun bakoitzeko, 50.000 euroko aurrekontu-kredituaren gainean. Laguntza hori beste edozein diru-laguntza publikoagaz bateragarria izango dela azpimarratu dute.
Kultur, gizarte eta kirol elkarteei dagokienez, Udalaren helburua da euren jarduerak egoera berrira egokitzeko egindako gastuak ordaintzen laguntzea, eta, norbera babesteko, higienerako eta kontaktuen prebentziorako materialak ordaintzen laguntzea. Onuradun izan daitezkeen erakundeek, administrazio-dokumentazioagaz batera, babes-materialak erosteagaz erlazionatutako fakturen eta ordainketen zerrenda aurkeztu beharko dute abenduaren 24a baino lehen.
Udalak 20.000 euroko kreditua bideratu du guztira kolektibo horretara, eta erakunde eskatzaile bakoitzak 1.000 euro eskatu ahal izango ditu gehienez, justifikatutako gastuen arabera. Eskaera egiteko prozedura ostalaritzako bera da: aurrez aurre udaletxeko HAZen edo webguneko "On line izapideak" atalaren bidez. Laguntza hori ere beste edozein diru-laguntza publikogaz bateragarria izango da.