Sakonean

Santa Marinako Burdin Hesia, urtez gordetako sekretuak agerian

Iker Rincon Moreno 2021ko urt. 29a, 10:09

Urdulizko Burdin Hesia berreskuratzeko lanean ibili da Edestiaurre. Argazkian, 2019an URDF17ko metrailadore-kokagunea. © EDESTIAURRE-IÑAKI LIBANO

Santa Marinako haitzetan gordetako Burdin Hesiaren aztarnak agerian daude berriro, 2018an eta 2019an Edestiaurre Arkeologia Elkarteak egindako lanei esker. Orain, indusketa-saio horietan egindakoen zehaztapenak batzen dituen liburua argitaratu du talde horrek. Gogora Institutuak, bere aldetik, aztarnak bisitatzeko panel informatiboak jarri ditu.

Bilbo eta bere inguruak matxinatu faxistez gordetzeko babes-azpiegitura izan zen Burdin Hesia: 80 kilometroko defentsa-lerroa, 1936 eta 1937 urteen artean 14.000 lagunek eraikitakoa, eta 33 euskal udalerri zeharkatzen zituena; Zierbenatik hasita, Barrika eta Sopelara arte. Gaur egun, 25 herritan dago horren aztarnaren bat, eta horiek denak babestu eta balioetsi gura dituzte, euskal kulturaren, ondarearen eta gure memoria demokratikoaren parte garrantzitsua delako. 

Matxinatutako tropek aurrera egin ahala, Eusko Jaurlaritzak defentsa-lerro hori eraikitzea erabaki zuen 1936an, Bilbo babestu guran. 1937ko udaberrian amaitutzat eman zituzten eraikitze-lanak, baina defentsarako ahalegina ez zen nahikoa izan, eta defentsak apurtu ziren 1937ko ekainaren 12an, Gamiz-Fika eta Larrabetzu artean. Ordutik, 80 urte baino gehiago igaro dira, eta ondare-baliabide garrantzitsu hori babestea eta herri honen memoria berreskuratzea ezinbestekoa dela uste dute erakunde publikoek. Horretarako, Gogora Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiakaz batera, defentsa-lerro horrek zeharkatzen dituen udalerrietako udalakaz protokolo bat sinatu zuten 2017an. Gogorak hartu du gune horren memoria demokratikoaren berreskuratzearen iniziatiba, memoria-ibilbideen sorrera bultzatuz. Horien artean badira Uribe Kostan sortutako batzuk: Barrikan, Berangon eta, azkenengoa, Urdulizen.

Defentsa-lerroa, Santa marinako haitzetan

Sopela eta Urduliz udalerrien arteko muga markatzen duten lerroa dira Santa Marinako haitzak. Haien tontorretik inguru dena zelatatu daiteke; leku estrategikoa da, 360 graduko panoramika duena. Begiratoki garaienetik, soldaduek euren begiz ikus zezaketen abioi italiar eta alemaniarrak jaurtitako su-bonbek Jata mendian eragindako suteen kea, defentsa-lerroa Gamiz-Fikan hautsi aurreko egunetan. 

Urte luzez, baina, gune-natural horretako aztarna historiko ugari gordeta egon dira, ezkutuan, 2018an Edestiaurre Arkeologia Elkarteak bertan eskua sartu zuen arte. Iñaki Libanok eta Sergio Salazarrek gidatuta, urte bitan indusketa-lanak egin dituzte bertan, 2018an eta 2019an, eta, behar horiei esker, askotariko elementuak aurkitu dituzte, “horietako batzuk bakarrak Burdin Hesiaren azpiegitura osoan”, zehaztu du Libanok, Edestiaurreko presidenteak. 

Lubakiak, metrailadore-kokaguneak, gotorlekuak eta babeslekuak berreskuratzeaz gainera, irudiak eta grabatuak ere aurkitu dituzte inguruotan, batzuk besteak baino garrantzitsuagoak. “URDF25 gisa identifikatutako elementuak hiru metrailadore-kokagune ditu, ipar, hego eta ekialdera begira daudenak. Horrez gainera, fusilarientzako departamentuak, hobi-gordelekuak eta aurkitutako grabatuek garrantzi eta berezitasun handia ematen diote gune honi”.  
Garbitutako defentsa-lerroan atzemandako irudien harira, askotarikoak topatu dituzte, gehienak 2018ko lanetan. Horiei esker, besteak beste, jakin ahal izan dute inguruotan egon ziren gerlariak errepublikanoak zirela, anarkistak eta komunistak, batez ere: “CNTri gorazarre egiten dieten horma-irudiak ditugu, baita igitaia eta mailua eta UHP batailoiaren berri ematen dituztenak ere. Litekeena da Nazioarteko Brigadetakoak izatea gehienak; ez ziren gudariak”. 

Baseliza, aginte-zentroa

2018ko kanpainaren ondoren, lanokaz segitzeko proposamena egin zioten Edestiaurrekoek Gogora Institutuari eta Urdulizko Udalari, falta zitzaizkien guneak aztertzeko asmoz; mendi-lerroa Santa Marinako baselizagaz lotzen denekoa, hain zuen ere. Hala, ermita txiki horretan urteko aurkikuntzarik esanguratsuenak topatu zituzten 2019an. Alde batetik, establimendu bat topatu zuten elizaren ondoan, metrailadore-zulo bateko kokaleku gisa jardun zuena. URDF17 izeneko gune horretan, gainera, askotariko materialak berreskuratu dituzte, hala nola urdin kobalto koloreko zeramika zati txiki-txikia, “XVII-XIX. mendekoa izan daiteke hori, ermitako liturgietan erabiltzen zena”, dio Libanok. Horrez gainera, aipagarria da baita ere gune horretako SL7 mailan, hau da, jatorrizko lurzoruan, topatutako ehunez estalitako kabledun entxufe zeramikoa. Adituak dioenez, hasiera batean harrigarria egin zitzaien mota horretako elementu bat topatzea bertan, ermitak ez duelako inoiz argindarrik izan. Hala, aurkikuntza hori Santa Marinako mendilerroaren defentsarako izan zuen garrantziaren isla izan da. Izan ere, entxufea aurkitu izanak korronte elektrikoa izan zela frogatzen du; hori dela eta, uste da baseliza biltegi edo aginte-zentro bat izan zela. 

Alemaniatik etorritako juduek grabatutako silarria:
2019an egindako lanetan silarri berezi bat topatu zuten Edestiaurrekoek Santa Marina baselizan: naziengandik ihesi gurera etorritako judu-alemanek grabatutakoa.

Judu-alemanak, Santa Marinan

Horrez gainera, baselizak beste sekretu bat gorde du urte luzez: orain arte oharkabean pasa den karaktere ezezagunez grabatutako silarri bat, ermitatik URDF17rako irteeran. “Fotogrametria bidez aztertu genuen hori, eta, hainbat linguistari galdetu ondoren, ondorioztatu genuen ezin zitekeela izan Iberiako hizkuntza zahar bat, ezta euskara edo latina ere”, azaldu du Libanok. Ez zuten erantzunik topatzen, ez zekiten zer zen harrian zizelkatutakoa, iruindar batek norabide egokian jarri zituen arte. “XX. mendearen hasieran judu-alemanek erabiltzen zuten hizkuntzarekin antzekotasuna zuela esan zigun batek, hebreerazko alfabetoz idazten den Yiddisharekin, hain zuzen ere, eta ildo horretatik ikertzeari ekin genion”. Hala, arkeologoek jakin ahal izan zuten gerra zibilean Alemaniatik ihesi etorritako judu askok parte hartu zutela Nazioarteko Brigadetan. Are gehiago, hainbat egilek ziurtatzen dute horietako asko iparraldeko ejertzitoetan jardun zutela, baita hizkuntza horretan panfletoak eta egunkariak idatzi zituztela ere. Hala, silarrian atzemandako sinboloak yiddisha darabilen alfabetoagaz konparatzeko fotogrametria egin eta baieztatu ahal izan zuten horien % 60-70 inguruk kointziditzen dutela.

Dibulgaziorako bideak zabalduz

2018 eta 2019ko lanak amaituta, bildutako datu denak aztertu eta egindakoen berri emateko liburua argitaratu berri du Edestiaurre Arkeologia Elkarteak. Libanok dioenez, horixe da berak gidatzen duen taldearen helburua: egindakoa ikustaraztea. Gogora Institutuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Urdulizko Udalaren laguntza izan dute lehenengo publikazio horretarako. Urte biotan egindako lanon zehaztapen denen berri ematen du liburuak, “modu oso bisual eta argi batean”. Horregaz batera, DVD bat kaleratuko dute mendilerroaren gainetik drone bategaz grabatutako irudiak erakusten dituena. Era berean, berreskuratutako aztarnak beren-beregi ezagutzeko panelak jarri dituzte Santa Marina inguruan. 

Datu gehiago:

  • Santa Marinako Burdin Hesian hainbat kartutxo topatu dituzte; gehienak erabilitakoak, goian ikus dezakezuena izan ezik. Berton ez zen konfrontaziorik izan, baina litekeena da soldaduek tiro-praktikak egin izana.
  • Ehunez estalitako kabledun entxufe zeramikoa aurkitu zuten, Santa Marinako SL7 mailan. Horri esker, ondorioztatu dute baseliza biltegia edo aginte-zentroa izan zela gerra garaian.
  • URDF25eko hego metrailadore-zuloan laban bat aurkitu dute. Herriko hizkeran pelona gisa da ezaguna.
  • URDF17 metrailadore-kokalekuan 1870eko kobrezko txanpona topatu zuten, Espainiako Lehenengo Errepublikakoa, alegia. 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun