Apirilean irekiko dute Atxarteko hilerri berria Urdulizen

Iker Rincon Moreno 2021ko mar. 26a, 12:05
Atxarte hilerri berria. © URDULIZKO UDALA

Eraikuntza-, urbanizazio- eta instalazioetarako sarbide-lanak amaitu ondoren, apirilean jarriko dute martxan Urdulizko Atxarteko hilerri berria. Udalak azaldu duenez, instalazioa hirigunearen kanpoaldean dago, eta hileta-zerbitzu integrala eskaintzeko diseinatu da. Hartara, etorkizunean, tanatorioa eta errausketa-labea bertan egotea aurreikusita dago.

Eremu berriak abangoardiako diseinua du, ingurunean integratua dago eta berau errespetatzen du. Nitxoak dituzten hogei bat bloke instalatu dira, bata besteagaz bide zabalen bidez konektatuta, hilobi-lorategi modernoen antzera. Guztira, 320 nitxo-unitate eta 248 hezurtegi indibidual edo kolektibo ditu, eta baita 60 kolunbario-unitate ere, errautsak uzteko. Udal-iturriek nabarmendu dute leku horretan harrobi zahar bat zegoela, eta hilerria egiteari esker, lursail hori berreskuratu eta birgaitu ahal izan dela.

“Proiektu hau oso garrantzitsua da Urdulizentzat, denbora asko daramagulako lanean, eta ziurtatu gura izan dugu urduliztarren oraingo eta etorkizuneko eskaerari eta beharrei erantzuten diela”, adierazi du Javier Bilbao alkateak. Horrela, alkateak nabarmendu duenez, laster tanatorioko eta errausketa-labeko zerbitzuak Atxarteko instalazioetan sartzea dago aurreikusita. “Tanatorio-errausketa hilerrian bertan instalatzean, zerbitzu hobea eskaintzen lagunduko dugu, eta, gainera, leku egokian egongo dela bermatuko dugu”.

Bere zerbitzuengatik eta abangoardiako diseinuagatik ez ezik, balio handiko eskultura-pieza bat hartzeagatik ere nabarmendu dute Atxarte. Nestor Basterretxeak egindako Gure azken bidearen amaiera kokatu dute kanposantuaren sarreran; artista hil baino apur bat lehenago amaitu ahal izan zuen hileta-artelana da hori.

Lanak 1,80 metroko altuera du, Corten altzairuz egindakoa. Basterretxearen beraren berbetan, Urdulizko Udalari, bere proposamen artistikoagaz batera helarazi zion mezuan adierazten zuen bezala, “Hilarri bat da, diseinu moderno, abstraktu baina ez zorrotzegia duen hilarria; izan ere, hori egiteko ideia 'gure bide guztiak heriotzarekin amaitzen direla' izan da. Gure bizitzako erritmoak amore emanda, batera, agertzen dira, guztiak helburu berak garaituak”.

Eskulturak hilerriko sarreraren ondoan duen kokalekua egileak berak aukeratu zuen Urdulizen egindako bisitetako batean.

Hilerri zaharra

Azpiegitura berri hau irekitzeak ez du eragingo Aita Gotzon kalean dagoen egungo kanposantua ixtea. Izan ere, iturriek azaldu dutenez, hobiratze berriak Atxarten egingo dira, baina hilerri zaharrean indarrean dauden emakidak errespetatuko dira, eta, beharrezko den bitartean, jarduerari eutsiko zaio. “Hilerri zaharrak hor jarraituko du komenigarritzat jotzen den arte; ez dugu husteko edo beste helburu batzuetarako erabiltzeko planik”, adierazi du alkateak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun