Urdulizko Udalak diru-laguntza izendun-sistema arautzen duen ordenantza-proposamena aurkeztu du azken osoko bilkuran. Horri esker, urduliztarrek Bizkaiko beste udalerri batzuetako igerilekuetara joan ahal izateko laguntzak jasoko dituzte. Horretarako, egindako ordainketak egiaztatzen dituen agiria aurkeztu beharko da: instalazioaren izena, erabiltzailearen izena, ordaindutako zenbatekoa eta zerbitzua erabili diren egunak.
Udalak subentzioaren gehieneko kopuru finkoa ezarri du, aukeratutako ordainketaren arabera:
- Helduen banakako abonua: 8 euro hilean - 96 euro hilean
- Adingabeen banakako abonua: 4 euro hilean - 48 euro hilean
- Pentsiodunen banakako abonua: 4 euro hilean - 48 euro hilean
- Familiako abonua: 12 euro hilean - 144 euro hilean
“Igeriketa egiteko diru-laguntza kirol-jarduera bultzatzeko eta sustatzeko dugun konpromisoaren parte da, eta oraindik horrelako instalaziorik ez dugunez, ahal den neurrian jarduera hori egiten lagundu gura dugu”, gogoratu du Javier Bilbao alkateak. “Aldi berean, Urdulizen kirol eskaintza handitzeko lanean jarraitzen dugu, eta beraz, gero eta zerbitzu propio gehiago izango ditugu, betiere kirolaren aldeko apustuaren barruan”.
Herrian eskaintzen ez diren zerbitzuetarako
Diru-laguntza hori Urdulizen oraindik eskaintzen ez diren zerbitzuetara soilik bideratuko direla azaldu du alkateak. “Udalbatza honen helburua Urdulizko kirol-instalazioak modu eraginkorrean bultzatzea da, horiek garatzen eta etengabe hobetzen lagunduz, eta benetan uste dugu, igerilekuen erabiltzaileentzako zuzeneko modalitate horrek helburu hori lortzen lagunduko digula. Badakigu beste udalerri batzuetara joan behar izateak kostu gehigarria dakarrela, eta, beraz, Udal honek familien ahalegin hori nolabait orekatzea bilatzen du diru-laguntza zuzen horren bitartez”, gaineratu du.
Diru-laguntza sistema hori martxan jartzeak orain arte Sopelagaz indarrean egon den hitzarmena amaitzea ekarriko du. Hitzarmen horren bidez, Urdulizko bizilagunei sartzen uzten zitzaien, udalerri horretan erroldatutako pertsonen baldintzakaz.