Hondakin organikoak gaika biltzeko kanpainak emaitza "bikainak" izan ditu Urdulizen

Erredakzioa 2021ko api. 23a, 14:27

Edukiontzi marroia hondakin organikoak sailkatzeko balio du.

Urdulizen ia 400 erabiltzaile berrik baliatzen dute edukiontzi marroia, hondakin organikoak sailkatzeko. Udala pozik azaldu da egindako kanpainaren emaitzagaz, eta mota horretako zabor-bilketa bikoiztu dela adierazi du.

Otsailean eta martxoan, Urdulizko Udalak hondakin organikoen gaikako bilketa sustatzeko burutu zuen informazio eta kontzientziazio kanpainak harrera "bikaina" izan duela adierazi dute udal-iturriek. Horren ondorioz, hondakin organikoak edukiontzi marroian biltzeko 375 erabiltzaile berrik izena eman dutela nabarmendu dute. Horietaz gain, daborduko parte hartzen ari zirenak gehituta, esan daiteke Urdulizko etxebizitzen herena ari dela bilketa horretan parte hartzen.

Hondakin organikoak sortzen dituzten beste hainbat ekoizle berezigaz ere elkarlanean hasi direla adierazi dute udal-iturriek; esparru horretan, beste hamabi erakunde edo establezimenduk eman dute izena. Udalak bereziki azpimarratu gura izan ditu Elortza eskolaren inplikazioa, eta baita Urdulizko ospitalearena ere.

Aipatutako kanpainagaz, herritarrak zuzenean informatzeko helburua zeukan. Zeregin horretarako, etxe-atari guztietan jarri zituzten bando eta komunikabideetako agerpenez gain, etxez etxe egindako bisitak izan dira bide nagusia. Azpimarratu dute aurrez aurre hitz egitea lortu duten herritarrei informazio zehatza eta behar zituzten mataerialak eman dizkietela: 10 litroko kuboa, poltsa konpostagarriak, edukiontzia zabaltzeko giltza eta informazio-diptiko bat.

Daborduko kanpainaren emaitzak nabarmentzen hasi direla adierazi dute, eta martxoan edukiontzi marroietan 5.180 kg hondakin organiko jaso zituztela jakinarazi dute; aurreko hilabeteetako kantitatea bikoiztu dute (urtarrilean 2.580 kg, otsailean 2.460 kg).

Balorazio positiboa

Udalak modu positiboan baloratu ditu emaitzak horiek, eta herritarrei emandako laguntza eskertu gura izan die. Hala ere, adierazi dute oraindik hobekuntzarako tarte handia dagoela, eta familia asko daudela hondakin organikoen gaikako bilketan parte hartzen ez dutenak. Azken horiei bereziki, gogoratu gura izan diete "guztion ardura eta egin beharra" dela sortzen dituzten hondakinak gaika biltzea. "Ondo birziklatzeari esker, ingurumen eta osasun mailako onurak lortzen ditugu, baita ekonomikoak ere, askoz garestiagoa baita gaika bereizi gabe bildutako errefusaren tratamendu-kostua", zehaztu dute.

Bestalde, adierazi dute oraindik aurrera hondakin organikoen gaikako bilketan parte hartzeko, edo poltsa konpostagarriak eskuratzeko, Urdulizko Kultur Etxera joan beharko dela, astelehenetik barikura, goizeko 10:00etatik 13:30era eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun