COVID-19ak goitik behera eraldatu du gizartea, eta lehendik agerian –edo ezkutuan– zeuden arazoak inoiz baino gehiago azaleratu dira orain. Izan ere, LAB sindikatuak dioenez, pandemiak azkartu egin du lehendik zetorren krisia, eta, deitoratu du sistema, bidegabea ez ezik, eutsiezina ere badela. "Aldaketa ekidinezina da, hala nola nazioartean zein Euskal Herrian. Baina, afera da: aldaketa nork eta zertarako?", galdetu du sindikatuak.
Egoerari aurre egin guran, LABek aldarrikatu du herri-burujabetzan sakondu eta bizitza erdigunean jartzeko eredua indartu beharra dagoela, trantsizio ekosozialista eta feminista baten bidez. "Izan badugu aukera norabidea aldatzeko, antolatu eta borrokatuz gero. Milaka gara horretan ari garenak, azken hilabeteotan nabarmendu denez: zaintza sistema publiko komunitarioa, eta oro har, zerbitzu publiko sendoak aldarrikatzeko grebak egin ditugu; eskualdez eskualde enplegua defendatzeko herri harresia osatzen ari gara; prekarietatearen kontrako borrokak pizten ari gara; eta pentsio duinen alde mobilizatzen ari gara astelehenero", gogoratu dute sindikatukoek.
Hala, zapatuan, maiatzaren lehenean, borroka aldi berri horri "bultzada" emateko deia egin du LABek. Antolatzaileek gogoratu dutenez, beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak hartuko dituzte: "Elkar zaintzea, elkartasunez jokatzea eta elkarrekin mobilizatzea da bidea!".
Eguerdiko 12:30ean jarri dute hitzordua, Urdulizko ospitalean. Ondoren, manifestazioa egingo dute Sopelako udaletxeko plazara heldu arte.
...Zaintza, lana, bizitza, herria!...
— LAB Eskumaldea (@LAB_eskumaldea) April 22, 2021
Aldaketa da aukera, por un cambio de rumbo.#M1, 12:30 Manifestazioa, Urdulizeko Ospitaletik#M1Urduliz pic.twitter.com/jPkIsp91ub