Gotzone Butron idazle urduliztarrak eta Kike Infame marrazkigile eta ilustratzaile bilbotarrak sortutako istorioa da Sardinerak. Bertan, Joxepa gazte santurtziarraren abenturak kontatzen dira, portuagaz, itsasoagaz, amagaz eta amonagaz duen harreman berezia, hain zuzen ere.
Bizkaiko herrietako pertsonai herrikoi, tradizional edo folkloriko batzuk publikoari eta lurraldea bisitatzen duten pertsonei hurbiltzeko asmoz, Aldundiak 2017tik argitaratu duen Ipuinak sortako bosgarren liburua da. Besteak bezala, Sardinerak euskaraz, gazteleraz eta ingelesez dago idatzita.
"Sardinerak liburuak modu berezi eta kutunean hurbiltzen gaitu, saski obalatuekin, oinutsik eta gona goratuarekin arrain freskoa saltzen zuten emakume horien lan sakrifikatura", azaldu du Begoña de Ibarrak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak, liburuaren aurkezpenean.