Urdulizko Santa Marina haitzen inguruko lursaila bereganatu berri du Udalak, Burdin hesiaren inguruan, hain zuzen ere. Bertan, baso autoktono bat landatzeko asmoa duela jakinarazi dute, eta, adierazi dutenez, herriko umeei emango diete arbola horiek landatzeko aukera.
Neguan zehar, bereziki Zuhaitzen Egunean, martxoaren 21ean, gauzatuko den ekimen horren bitartez, arbolak umeakaz batera hasteko asmoa azaldu dute udal-iturriek: "Beraien zuhaitzak zaintzeko konpromisoagaz, urduliztar guztiek birika berde berriaz gozatzeko aukera izan dezaten". Hala, udalerrian erroldatuta dauden 6 eta 18 urte bitarteko ume eta gazteek zuhaitz-landaketa horretan parte hartzeko aukera izango dute, ingurumen-balioak eta herriarekiko sustraitze-sentimendua sustatzeko, eta herriko berdegunearen zainketagaz ardura daitezen.
Ekimen horri esker, inguru horretan zeuden eukaliptoak kendu ahal izan dituzte, eta, iragarri dutenez, Burdin Hesira heltzeko bide irisgarriago bat ere egin gura dute. Epe luzera pentsatutako ekimena denez, urtero sei urte betetzen dituzten umeek parte hartzeko aukera izango dute ekimenean.