Urdulizko Udalak Txiri-Txiri proiektuaren barruan egiten diren ibilbideakaz jarraituko duela adierazi du. Hala, irailean, formatu berri bategaz ekingo diote, ohitura osasungarriak, aire zabaleko hezkuntza-jarduerak eta gizarte-kohesioa sustatzeko helburuagaz. Udala Tantak elkarteagaz jarri da harremanetan proiektu berri hori martxan jartzeko eta ibilbide dinamiko eta dibertigarriak eskaintzeko helburuagaz.
Ildo horretan, irailaren 18an, zapatuan, Hazten ikusi gaituzten arrokak izeneko ibilbidea egingo dute. Txanda bi izango ditu: 10:00etan eta 12:00etan. Horietan, Aintzane Goffard eta Amaia Ordiales geologoek haitzetako bitxikeriak eta herriko egitura geologikoek gordetzen dituzten sekretuak agerian utziko dituzte.
Ibilbide erraza izango dela azaldu dute, ordu bi ingurukoa, eta bai hirigunetik bai Santa Marinatik hurbil dagoen landa-eremuan garatuko da.
Azaldu dutenez, Txiri-Txiri proiektuak oso harrera ona izan du, eta egin den lau saioetan 50 plazak betetzea lortu dute. Horrenbestez, hurrengo hilabeteetan jarduera gehiago antolatzeko erabakia hartu dute arduradunek. Horiek Urdulizko Udalaren webgunean argitaratuko dituzte.