Datorren astean, hilaren 17an, domekan, oinezko ibilbidea egingo dute Urdulizen, Txiri-txiri proiektuaren barruan. Oraingo honetan, Aintzane Goffard eta Amaia Ordiales dibulgatzaile zientifikoek zuhaitz-motak, horien jatorriak eta berezitasunak ezagutaraziko dituzte. Halaber, ibilaldian, zuhaitz autoktonoak egoteak dakartzan onura ekologikoak aztertuko dituzte, baita landare-espezie inbaditzaileek udalerriaren inguruan dituzten ondorioak ere.
Ibilbidea Santa Marinako aparkalekuan hasiko da, eta kultur etxetik gertu amaituko da. Jarduera erraza eta oso irisgarria da, bai haurrentzat bai helduentzat irekia, azaldu dutenez. Ibilbide berri horretarako, 50 plaza eskainiko dituzte berriz ere, bi ordutegitan banatuta (10:00etan eta 12:00etan). Bi ordu inguru iraungo du saioak, eta interesdunek Udalaren webgunean eman dezakete izena (www.urduliz.eus).