Bizkaiko Foru Aldundiak Nagusi Intelligence Center (NIC) jarri du martxan Urduliz Dorrean. Egitasmo honen helburua da lurraldeko zilarrezko ekonomiaren eta biztanleriaren zahartzeak dakartzan erronka sozial eta ekonomikoei aurrea hartzea, eta arlo horretako "estrategiaren motorra" izatea.
Aurreko astean aurkeztutako gune honetan prestakuntza, ekintzailetza eta digitalizazioa uztartuko dituzte; eta, aldi berean, zilarrezko industriaren sektoreagaz sinergiak bilatuko dituzte, 50 urtetik gorako kontsumitzaileei zuzendutakoa, hain zuzen ere.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gogorazi zuenez, bizi-itxaropena 20 urte baino gehiago igo da 1950etik, eta joera horren arabera, Bizkaiko hamar pertsonetatik lauk 65 urte baino gehiago izango dituzte 2050ean. "Gero eta urte gehiago bizi gara, eta urte horiek bizitzaz eta ongizatez beteta egotea lortu behar da. Edadeko pertsona askoko gizartea izango gara, eta hori aukera bihurtuko dugu. Saiatzera behartuta gaude", ziurtatu zuen.
Horren harira, zentroak pertsonen bizi-kalitatean aurrerapenak lortzeko duen ahalmena balioetsi zuen Rementeriak, baita sektore honek jardueraren eta enpleguaren aldetik irekitzen dituen aukeren aldetik ere: "Ziur gaude ekintzailetza-gaitasun handiko sektorea dela, eta ilusioz gainezka gaude, guztion artean industria-sektore berri bat sortzeko, jarduera ekonomiko eta enplegu arlokoa, zahartzearen inguruan
Rementeriagaz batera, aurkezpenean egon ziren Ainara Basurko eta Sergio Murillo Gizarte Ekintzako eta Ekonomia Sustatzeko foru-diputatuak; Martin Knapp, populazioaren zahartzeari eta iraupen luzeko zainketen erreformei lotutako politiketan gehien dakien ahotsetako bat; Mikel Alvarez Mondragon Unibertsitateko presidentea; Victor Ugarte Reale Seguros enpresako Marketin zuzendaria; eta Nerea Amenabar Home Health Care enpresako zuzendari eta Ubikare Taldeko sortzaileetako bat.