Urdulizek maskoten aisialdirako eta entrenamendurako egokitutako lehen parkea ireki du

Erredakzioa 2021ko urr. 20a, 10:11

Txakurrentzako parke berria Iparralde kiroldegiaren ondoan dago. © URDULIZKO UDALA

Gune berria Iparralde kiroldegiaren ondoan jarri dute, eta txakurren entrenamendurako eta aisialdirako elementuak ditu, hala nola iturri egokitu bat eta gorotzak batzeko puntua ere. Herritarren geroz eta eskaera handiagoari erantzuteko sortu duten gunea da, eta, horretarako, Udalak 30.000 euro inguruko inbertsioa egin du.

Urdulizko Udalak maskoten aisialdirako eta horiek entrenatzeko egokitutako herriko lehen parkea ireki du. Udal-iturriek zehazt dutenez, Iparragirre kiroldegiaren atzealdean dagoen gune honetarako 26.785,46 euroko inbertsioa behar izan du, perimetroa itxi eta animalientzako jolasak eta jarduera fisikorako elementuak erosteko, hain zuzen ere.

"Urdulizko herritarrek aspaldi helarazi ziguten eskaera bat zen, eta berriro agertu da aurten egin dugun aurrekontu parte -hartzaileen prozesuan; beraz, uste genuen jada beharrezkoa zela", adierazi du Javier Bilbao Urdulizko alkateak. "Alde horretatik, ez gara konformatu txakurrek askatasunez paseatu ahal izateko gune bat prestatzearekin, ariketa fisiko eta hainbat aparatuen bitartez trebakuntza ahalbidetzen duen leku bat sortu dugu".

Ekipamendu berria Iparralde kiroldegiaren ondoan dagoen berdegunean jarri dute, eta maskotak eta jabeak bertan egoteko hainbat elementu gehitu dituzte. Horien artean, entrenatzeko eta trebatzeko aparatuak (arrapalak, eskailerak, hodiak), gorotzak batzeko garbigunea eta maskotentzat egokitutako iturri bat nabarmendu dituzte. Gainera, animaliakaz doazen pertsonentzako eserleku bi berri eta informazio-panel bat ere gehitu dituzte.

Parkea egin aurretik, Udalak hautatutako eremuaren perimetroa itxi zuen, maskotek libre erabili ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun