Urdulizko hilerri berriaren inguruetan aurkitu zuten horma-hobia, duela 70 bat urte, Atxarteko harrobia zegoen lekuan. Koldo Somokueto historialari urduliztarrak eman zuen horren berri, eta, uste duenez, baliteke mugarri gisa erabili izana aspaldi, Sopela eta Urduliz udalerrien arteko muga zehazteko, hain zuzen. Izan ere, dirudienez, elementu gotikoa da, eliza batekoa, eta mugarri moduan berrerabili izanaren hipotesia mahaigaineratu dute.
Zehazki, horma-hobi atipiko bat da, "tenplete modukoa", Iñaki Libanok dioenez. Triangelu formako teilatua du, "oso landua", hareharrizkoa eta lau angeluko formakoa, irekigune bakarrekoa, eta, aldi berean, ate-motaren bat lotuta joango litzatekeen zulodun ate-zangoak dituena. Edestiaurreko kide horren ustez, elementu horrek antz handia du elizetako sagrarioetan Ama Birjina edo kaliza gordetzeko erabiltzen direnakaz.
Joan den barikuan, urriaren 30ean, berreskuratu zuten 200 kilo inguruko elementu hori, eta, orain, eguraldiak laguntzen duenean, Santa Marina baselizara eramango dute, "aurkikuntza honetaz denek goza dezaten", Libanoren berbetan.