Urdulizko ospitaleko profesionalen txandakako osagarria berma dadila aldarrikatu dute sindikatuek

Iker Rincon Moreno 2021ko aza. 10a, 12:36

Gaur egindako protestaldia. © UGT Servicios Públicos Euskadi

Urdulizko ospitaleko langileek zentro horretako zuzendaritzaren eta Osakidetzaren "jarrera diskriminatzailea" salatu dute gaur, eguaztenean. Izan ere, zentro horretan goizeko eta arrastiko txandetan lan egiten duten beharginen txandakako osagarria jasotzeko eskubidea urratu zaiela deitoratu dute. Salatu dutenez, hala jarraitzen dute ospitalea 2016ko uztailean zabaldu zenetik. Mobilizazioakaz jarraituko dutela iragarri dute sindikatuek; azaroaren 25etik aurrera, eguaztenero egingo dute protesta, 11:00etan.

Bost urte igaro dira Urdulizko ospitaleak ateak ireki zituenetik. Ordutik, langileek deitoratu dutenaren arabera, goizeko eta arrastiko txandetan lan egin arren, bertako profesionalek ez dute txanda-osagarririk jaso. Ohar baten bidez salatu dutenez, "Mariluz Marquesek, Uribe ESIko gerenteak, langileei ohiko, legezko eta bidezko osagarria ez ordaintzeko erabakia hartu zuen, txandakako txandetan lan egiteak edozein langileren bizitzan duen eragina kontuan hartuta".

Langileek azaldu dutenez, Auzitegi Gorenak epai bat eman du txanda-osagarria jasotzeko bete behar diren baldintzak argitzen dituena, "eta baldintza hori da langileen artean txandakatzea". Hala, sindikatuek azpimarratu dute Uribe ESIko dozenaka profesionalek betetzen dutela hori, "gaur egun eskubideak modu arbitrarioan murriztuta, eta azken urteetan metatutako galera ekonomiko handiarekin jarraitzen dute".

Horregatik guztiagatik, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta SAE sindikatuek mobilizatzeko deia egin diete langileei, Uribeko gerentziari eta, beraz, Osakidetzako zuzendaritzari eskatzeko "legezko eta bidezko osagarria" ordain diezaiela langileei. Mobilizazioei hasiera emateko, elkarretaratzeak egingo dituzte Urdulizko ospitaleko atarian, eguaztenero, 11:00etan, datorren azaroaren 25etik aurrera, "Zuzendaritzaren eta Osakidetzaren jarrera aldatu arte".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun