Urdulizen merkataritza sustatzeko bonuen kanpaina berria aurkeztu du Udalak

Erredakzioa 2021ko aza. 15a, 12:47

"Urduliz Merkataritza Bonuak 2021" kanpainara atxikitako establezimenduetan 15 euroko erosketa-balioa duten tiketak jarriko dituzte bezeroen eskura, 10 euroko prezioan. Udalak 15.000 euro erabiliko ditu ekimena finantzatzeko, eta 3.000 bonu banatuko ditu parte hartzen duten lokalen artean.

Martxan dago Urdulizko Udalak herriko Merkatarien Elkarteagaz elkarlanean bultzatutako “Urduliz Merkataritza Bonuak 2021” kanpaina. Abenduaren 31ra arte, atxikitako lokalek kontsumo-baleak jarriko dituzte bezeroen eskura; bonuak 10 euroan erosi ahal izango dira, baina 15 euroko erosketa egiteko balioko dute. Uribe Kosta Behargintzagaz sinatutako hitzarmen baten bidez, Udalak 5 euroko aldea ordainduko duela jakinarazi dute.

Guztira, atxikitako lokalen establezimenduetan zuzenean erosi beharko diren 3.000 bonu jarriko dituzte kontsumitzaileen eskura. Zehaztu dutenez, erosketa bakoitzean gehienez tiket bi onartuko dituzte, kontsumitzaile guztien artean bidezko banaketa ziurtatzeko. Era berean, negozio bakoitzak 150 txartel izango ditu gehienez.

“Horrelako ekimenak oso eraginkorrak izan dira Urdulizeko bizitza komertziala dinamizatzeko”, adierazi du Javier Bilbao alkateak. “Aurten, gainera, bi hilabetez luzatu da kanpainaren baliozkotasun-epea, abenduaren 31ra arte, partaidetza handitzeko eta kontsumitzen duten pertsonek eta establezimenduek onura ateratzeko aukera gehiago izango dituztela bermatzeko”, gaineratu du.

Atxikitako establezimenduak kanpainako kartelakaz identifikatuta daude, eta kanpainaren oinarriak dituzte bezeroei informazioa emateko. Establezimenduek ekimen honetan parte hartzeko baldintza bakarra txikizkako merkataritzaren, ostalaritzaren edo zerbitzuen sektoreetako jarduera ekonomikoak gauzatzea da, jendearentzat zabalik dagoen establezimenduagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun