Martxan dago Urdulizko Udalak herriko Merkatarien Elkarteagaz elkarlanean bultzatutako “Urduliz Merkataritza Bonuak 2021” kanpaina. Abenduaren 31ra arte, atxikitako lokalek kontsumo-baleak jarriko dituzte bezeroen eskura; bonuak 10 euroan erosi ahal izango dira, baina 15 euroko erosketa egiteko balioko dute. Uribe Kosta Behargintzagaz sinatutako hitzarmen baten bidez, Udalak 5 euroko aldea ordainduko duela jakinarazi dute.
Guztira, atxikitako lokalen establezimenduetan zuzenean erosi beharko diren 3.000 bonu jarriko dituzte kontsumitzaileen eskura. Zehaztu dutenez, erosketa bakoitzean gehienez tiket bi onartuko dituzte, kontsumitzaile guztien artean bidezko banaketa ziurtatzeko. Era berean, negozio bakoitzak 150 txartel izango ditu gehienez.
“Horrelako ekimenak oso eraginkorrak izan dira Urdulizeko bizitza komertziala dinamizatzeko”, adierazi du Javier Bilbao alkateak. “Aurten, gainera, bi hilabetez luzatu da kanpainaren baliozkotasun-epea, abenduaren 31ra arte, partaidetza handitzeko eta kontsumitzen duten pertsonek eta establezimenduek onura ateratzeko aukera gehiago izango dituztela bermatzeko”, gaineratu du.
Atxikitako establezimenduak kanpainako kartelakaz identifikatuta daude, eta kanpainaren oinarriak dituzte bezeroei informazioa emateko. Establezimenduek ekimen honetan parte hartzeko baldintza bakarra txikizkako merkataritzaren, ostalaritzaren edo zerbitzuen sektoreetako jarduera ekonomikoak gauzatzea da, jendearentzat zabalik dagoen establezimenduagaz.