Sei milioi eurotik gorako aurrekontua onartu du 2022rako Urdulizko Udalak

Erredakzioa 2021ko abe. 31a, 10:17

Iragan abenduaren 21ean egindako ezohiko osoko bilkuran, Urdulizko Udalbatzak 2022ko aurrekontuak onartu zituen hasiera batean; horren barruan daude Udala eta Urduliz Hirigintzako Sozietatearenak. Udalak azaldu duenez, aurrekontuok diru-sarrerak eta gastuak orekatuta dituzte; 6.211.144 euro guztira.

Daborduko ikusgai daude aurrekontuok; hala, gura duenak erreklamazioak egiteko aukera izango du egunotan. Horretarako, aurrekontua eta horri buruzko agiri guztiak Funtsen Kontuhartzailetza Sailean egongo dira, ikusi nahi dutenen esku, hamabost baliodun egunetan, iragarki hori Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko egunetik hasita.

Aipaturiko epe horretan ez bada erreklamaziorik aurkeztu, aurrekontua behin betiko onartutzat hartuko da, horri buruzko erabaki berria hartu behar izan gabe. Erreklamaziorik balego, Udalbatzak eman beharko dio dagokion erantzuna osoko bilkuran, hilabeteko epean, dagokion berariazko erabakia hartuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun