Tradizioz, landa-eremua izan da beti Urduliz, baserriz eta soloz inguratutako gunea, hain zuzen ere. Halere, azken urteotako urbanizazio-proiektuek udalerriaren egitura goitik behera aldatu dute; ospitalea, metroaren lurperatzea, etxebizitza-bloke berrien eraikuntzak... Hala eta guztiz ere, mendeetako historia batzen duen ondare paregabea gordeta du udalerriak oraindino auzoz auzo; XVI. mendetik gaur egunera artekoa. Eta horixe erakutsi gura izan du bertako Udalak antolatutako, eta Tantak elkarteak kudeatutako, Txiri-Txiri proiektuaren azken ibilbide dibulgatzaileak. Horretan, Koldo Somokueto historialari urduliztarrak gidatuta, inguruko baserri eta eraikin enblematikoenek gordetzen dituzten istorioen zirrikituak agerian utzi zituen egitasmoak, besteak beste.
Txiri-Txiri ibilbide dibulgatzaileak
Iragan irailean eman zioten hasiera Txiri-Txiri proiektuaren egitasmo berriari, familiek eta norbanakoek udalerriko natura, kultura eta paisaia hobeto ezagutzeko aukera izan dezaten. Ana de Lara Tantak elkarteko kideak azpimarratu duenez, aurretik Urdulizko Udalak jorratu zuen proiektua, auzokideen osasuna eta heziketa fisikoa bultzatzeko asmoz. Udagoienetik aurrera, aldiz, Tantak elkartekoek kudeatzen dute hori, "eta kutsu ezberdina eman nahi izan diogu horri, inguruaren nondik norakoak dibulgatzeko, hain zuzen", De Lararen berbetan. Hala, ibilbide geologiko bat egin zuten lehenengoz, eta Aintzane Goffard eta Amaia Ordiales geologoek Urdulizen dauden formazio geologikoak eta arroka motak ezagutzera eman zituzten. Ondoren, urrian, bigarren ibilaldia egin zuten; horretan, bertaratutakoek inguruko zuhaiztiez gozatu ahal izan zuten, arbolen nondik norakoak eta ezaugarriak ezagutuz dibulgatzaileen azalpenakaz. Hirugarrena, eta azkena momentuz, abenduan izan zen, Koldo Somokueto historialari urduliztarrak gidatutakoa. "Hiru ibilbideen harrera oso ona izan da; interes handia dago udalerriko natura eta historia ezagutzeko, eta espero dugu aurten egitasmoarekin jarraitu ahal izatea", Tantak elkartekoek zehaztu dutenaren arabera.
Saio bitan banatuta, 50 lagunek aukera izan zuten Urdulizko eraikin eta pertsonai esanguratsuenen historia ezagutzeko. Bertara joaterik izan ez zutenentzat, hona hemen ibilbidean kontatutakoaren lagin bat.
"Urduliz: historia eta kondairak"
Titular horren pean, azkenengo ibilbide-dibulgatzailea egin zuten Urdulizen abenduaren 19an. Horretan, Bizkaiko bigarren baserririk zaharrena bisitatzeko aukera izan zuten herritarrek, 1520koa, baita inguruotan aski ezaguna izan zen Antsoneko gizon indartsuaren historia ezagutu ere, besteak beste. "Oso polita izan da jendeari udalerria ezagutaraztea historiaren eta artearen ikuspegitik. Nabarmentzekoa izan da, gainera, normalean sarbiderik ez dugun lekuetan egoteko aukera izan genuela, hala nola elizako kanpandorrera igo edo baserrietako atarietara sartu. Eskertzekoa izan da horien jabeen prestutasuna horretarako", azaldu du Somokuetok. "Plus hori eman nahi izan genion ibilbideari".
Saio bitan banatuta, 50 lagunek parte hartzeko aukera izan zuten Urdulizko historialariaren azalpenak entzuteko. Ordu biko ibilaldiak izan ziren, eta lau leku bisitatu zituzten. "Denborak mugatuta, bata bestearengatik gertu zeuden guneak bisitatu genituen, baina udalerrian interes handiko beste hainbat gune ere bisita daitezke, hala nola Santa Marina baseliza, Torrebarri edota Dobaran auzoa. Azken horretan, XVI. mendeko hainbat baserri ikus daitezke, oso ondo kontserbatuta daudenak", dio historialariak, "agian, beste egunen batean aukera izango dugu horietara bisitak egiteko".