greba-eguna ospitalean

"Negoziatzen jartzea gura dugu, hemengo langile guztiek soldata eta eskubide berdinak izan ditzaten"

Ander Zarraga 2022ko ots. 3a, 13:39

Urdulizko ospitaleko langile gehienek bat egin dute sindikatuek deitutako 24 orduko grebagaz. Salatu dute 2017an langile batzuek txandakako lanen osagarriak kobratzeari utzi ziotela, Osakidetzako gainontzeko ospitaleetan ordaintzen jarraitzen den bitartean. Gainera, deitoratu dute osasun-zentroko zuzendaritza ez dela negoziatzeko prest azaldu.

SATSE, LAB, ELA, ESK, UGT eta CCOO sindikatuek deituta, 24 orduko greba-eguna ari dira egiten Urdulizko ospitaleko beharginak. 07:00etan manifestazioa egin dute Larrabasterratik Urdulizeko ospitalera, eta, bertan, elkarretaratze jendetsua egin dute 11:00etan; lanuzteak bihar 08:00ak arte jarraituko du.

"Urte bi baino gehiago daramatzagu borrokatzen Urdulizko ospitaleak ez dituelako txanda-osagarriak ordaintzen", adierazi du Eunate Sanchez erizaina eta SATSE sindikatuko bozeramaileak. Azaldu duenez, 2017ra arte osagarri horiek kobratzen zituzten, "baina bat-batean batzuei ordaintzeari utzi zioten, beste batzuek kobratzen zituzten bitartean".

Sanchezek azaldu du ez dakitela ospitaleko zuzendaritzak zergatik utzi zion osagarri horiek ordaintzeari, asteburuetan hiru txanda egiten dituztenei oraindik ordaintzen dizkietelako: "Astelehenetik igandera hiru txandaka lan egiten dutenek bai kobratzen dituzte osagarriak, baina astean zehar arratsaldez zein goizez txandak egiten dituzten askok ez dituzte jasotzen". Gainera, hori salbuespen bat dela azaldu du, Osakidetzako gainontzeko zentroetako langileek txanda-osagarriak kobratzen dituztelako.

Negoziazioak

Hasiera batean, ospitaleko gerentziagaz batzarrak egin bazituzten ere, "ez da negoziaziorik egon, bileretan beraiek hartutako erabakiak bakarrik komunikatu dizkigute", azaldu du Sanchezek. Negoziatzeko aukerarik ez dagoela ikusita, ordezkapena duten sindikatu guztiek mobilizazioak antolatu dituzte, beste behin, salbuespen horregaz amaitzeko.

Bestalde, Osakidetzako arduradunakaz harremanetan jarri diren arren, arazoa Urdulizen konpondu behar dutela azaldu du SATSEko kideak. Hala ere, deitoratu du hemen ez dutelako negoziatzeko aukerarik, "beraz, ez dakigu konponbidea non dagoen edo zer egin behar dugun. Guk negoziatzen jartzea nahi dugu, hemengo langile guztiek soldata eta eskubide berdinak izan ditzaten, gu ez izatea salbuespena".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun