Urdulizko Udalak berriz abiarazi du Txiri-Txiri proiektua

Erredakzioa 2022ko mai. 19a, 11:27

Lehenengo ibilaldia Atxabiribil hondartzara egingo dute.

Duela hiru urte sortutako ekimenak herritarrak aktibatzea du helburu, udalerriarekiko ingurune hurbilenean jarduera fisikoa modu osasuntsu eta dinamiko batean sustatuz. Lau ibilbide egingo dituzte, eta lehenengo saioa domekan, maiatzak 22, egingo dute, Urdulizetik Atxabiribil hondartzaraino, Sopelan.

2022 honetan, Txiri-Txiri jarduera fisikoari eta osasunari protagonismoa eman nahian dabil. Maiatzaren 22an, domekan, urte honetarako planteatutako lau ibilbidetako lehena garatuko da. Lau orduko ibilbide bat izango da, Urdulizetik Sopelako Atxabiribil hondartzaraino. Bertan, geldiune labur bat egingo dute, azalpen laburra lagun eta itzulia oinez. Ibilbide irisgarria izango da, bide asfaltatuetan barrena eta malda ez nabarmenegiren bategaz.

Jardunaldi horretan, taldeak 50 partaide izango ditu; hala, izena eman eta jardueran parte hartu gura duten lagunek Urdulizko Udalaren www.urduliz.eus webgunera zuzendu daitezke; bertan topa dezakete parte hartu ahal izateko beharrezko informazio guztia. Beste behin ere, eta aurreko ibilbidetan bezala, udalerrian erroldatutako eta aurreko urteko ibilbide dibulgatzailetan parte hartu gabeko pertsonak lehenetsiko dituzte.

Lankidetza Tantak elkarteagaz

Aurtengo Txiri-Txiriren ibilbideak egiteko, Udalak beste behin ere, ingurumenagaz eta Uribe Kostako txokoetako fauna eta floraren zaintzagaz konprometitutako Tantak elkartea izango du lankide. Iaz udalerriko askotariko flora, geologia eta historiaren ibilbide dibulgatzaileak eskaini zituzten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun